Skip to main content

Dena prest Elgoibarren, Kilometroak jaia hartzeko

Elgoibar Ikastolak Kilometroak jaia antolatzeko ardura hartu zuenetik, euskararen alde “Salto-saltoka” lanean jardun du ikastolaren komunitate osoak, aurtengo jaiaren leloarekin bat eginez. Urte osoko lana errematatzeko ordua iritsi da, datorren urriaren 5ean Elgoibarrek hartuko baitu Kilometroak. Kilometroak jaiaren berrogeita bederatzigarren ekitaldia izango da Elgoibarkoa. Gaur goizean egin da Elgoibarren jaiaren aurkezpen ekitaldia, eta, aurten ere, adin guztiei begirako egitarau bete-betearekin dator Kilometroak jaia. 

Elgoibar prest da urriaren 5ean euskararen eta euskal kulturaren plaza nagusia eta euskaldun guztientzat arnasgune bihurtzeko. Olatz Astigarraga Castañares Elgoibar Ikastolako lehendakaria, Iera Larrañaga Egiguren Elgoibar Ikastolako Kilometroak 25eko koordinatzailea eta Aitor Elizaran Egidazu Kilometroak kultur elkarteko lehendakaria izan dira Kilometroak jaiaren xehetasunak aurkeztearen arduradunak.

Hiru gune eta azpigune bat

Larrañagak azaldu duenez, hiru gune eta azpigune bat izango dira Elgoibarko Kilometroak-en, esan bezala, adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin: gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak eta, nola ez, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira faltako. Horrekin lotuta, ikastolako frontoian 500 lagunentzatko jangela prestatu da. 13:00etatik 15.30-16:00etara eskainiko dira bazkariak frontoian. Helduentzat, paella eta oilaskoarekin osatutako menua egongo da, eta haurrentzat makarroiak eta oilaskoa. 18 euro ordaindu beharko da helduen menua, eta 12 umeena. Txartelak egunean bertan, Ikastola gunean erosteko aukera egongo da. 

Omenaldia Aubixako Maritxu Loiolari eta Aspanogiri

Euskara sustatzeko helburuarekin Elgoibarko Aubixa baserrian lanean urte luzez aritu den Maritxu Loiola Ugartebururi eta Aspanogi elkarteari omenaldia egiteko baliatuko du Kilometroak jaia Elgoibar Ikastolak. “Bizitza osoa euskararen zerbitzura” emateagatik egingo diote omenaldia Loiolari, Larrañagak azaldu duenez. “Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektuak. Eta hori guztia, irribarre baten indarrarekin”. Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den Aspanogik ere jasoko du merezitako errekozimendua, elkartearen sorreratik 30 urte betetzen diren honetan. “1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu”.

Jaiak gune seguruak izateko eskaera

Elgoibarko Kilometroen antolakuntzak azpimarratu du ez dela onartuko inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik. Jaiak gune seguruak izan behar dute eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune. Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi da. Hori bermatzeko eta kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da.

Garraio publikoa erabiltzeko eskaera

Urriaren 5ean Elgoibarrera joateko tren eta autobus zerbitzu bereziak jarriko dira (kilometroak.eus webgunean izango dira xehetasunak), eta horiek erabiltzeko eskaera egiten die antolakuntzak Kilometroak jaira joateko asmoa duten herritarrei. Dena den, autoan joan beharrean direnentzat 6 aparkaleku izango dira. Mintxetako aparkalekuan autokarabanentzako gunea ere prestatu dute

Urte osoko lan “emankorra”

Urte osoan egindako lana “emankorra” izan dela azpimarratu du Olatz Astigarragak. Elkarlanean, ikastolako komunitate osoaren parte-hartzearekin, eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin aritu dira azken hilabeteetan lanean, Kilometroak egun bakarreko jaia baino askoz gehiago delako. “Saltoka elkarrekin aritu gara urte osoa. Euskarara salto egiteko baldintzak sortzen, elkarren sokari eragiten. Guretzat urte berezia izan da, eta ahalegin guztiak egin ditugu elgoibartar guztientzat ere hala izan zedin”, adierazi du.

Halaber, balioan jarri du ikastolako komunitatean izan den lankidetza eta elkarlan giroa. Zentzu horretan, urte osoan zehar izan diren ekimenak ekarri ditu gogora: ikasleen batzordearen sorrera, komiki lehiaketa, liburu ibiltaria, abesti eta bideoaren sorrera eta grabaketa, Non eta mugan ekimenean parte-hartzea, eskolan antolatutako musika, antzerki eta tailerrak, horma-irudi berri bat ere margotu da ikastolako frontoian... Urtero egiten diren ekimenak ere indartu dira (urte zaharreko txosna, Santa Ageda, inauteriak, pilota eguna, krosa, ikastola eguna…). “Herria pixkanaka Kilometroaken bueltan aktibatzea lortu dugu”, esan du Astigarragak.


 


 

Albisteak

Elgoibar prest da urriaren 5ean euskararen eta euskal kulturaren plaza nagusia eta euskaldun guztientzat arnasgune bihurtzeko.
Euskal Herriko Gorrak Elkarteen Federazioa, 1979ko otsailean sortu zen.
Bestetik, Kilometroak 25 bezalako jai handi bat aurrera ateratzeko pertsona askoren beharra dago.