Skip to main content

Bergarako guraso zein profesionalek sustengatu eta gidatzen duten proiektua da Aranzadi Ikastola. Hezkuntza-kooperatiba gisa antolatzen da, eta herrikideen arteko elkarlana da bere oinarria.

Aranzadi ikastola

 

754 ikasle, 457 familia eta 67 profesionalek osatzen dute Aranzadiren komunitatea. 1971. urtean Bergarako guraso eta ekintzaile eta euskaltzale batzuek sortua, urtez urte auzolanaren bidez eraiki dute 0-18 urte bitarteko hezkuntza integrala eskaintzen duen etxea, bergarar askoren bigarren etxea. Hasiera batean legezko baimenik gabe sortu bazen ere, ekinaren ekinaz, behin-betiko legalizazioa lortu zuten 1975ean. Ordutik, Ikastolak Telesforo Aranzadi antropologo bergararraren izena darama ofizialki.

Herri-ekimen bat da Aranzadi Ikastola, eta zuzenean administrazioaren menpe ez badago ere, zerbitzu publikoa eskaintzen du, guztiontzat zabalik dagoelako, herritarrek gobernatzen dutelako, irabazi asmorik ez duelako eta hainbat herri-erakunderekin elkarlanean diharduelako.

Uneotan eraldaketa-prozesu betean murgilduta dago Aranzadi Ikastola, eta helburu argia du: pertsona bere osotasunean heztea. Horretarako, 'Bagoiaz' prozesua garatzen ari da, Ikastolaren komunitate osoak (ikasle, familia ezin profesionalek) pertsona-eredu bat garatzen laguntzeko bidea eraiki dezan. Hain justu, pertsona euskaldun osoak, barne-sendotasuna dutenak, kooperatiboak, ekintzaile-erabakitzaileak eta eraldatzaileak. Bereizgarri mardulak dira aipatutako guztiak, bai, baina hezkuntza-praktika horien mesedetan jartzea da prozesuarekin lortu nahi dena. Alegia, heziketaren bidez pertsonen gaitasun edota ezaugarri batzuk garatzetik harago, bizitza osorako balioko dien balio-sistema bat eraikitzea.

Hortaz, Kilometroen antolaketa eta pedagogia-eraldaketa prozesua aldi berean gauzatuko ditu Aranzadik, bi bideetan helburu berberak partekatuz: komunitatea indartzea eta gure herriak behar dituen bergararrak heztea.

Aranzadi ikastola