‘Salto-saltoka’. Salto egin nahi dugu euskarara eta salto hori elkarrekin egin beharreko saltoa dela badakigunez, saltoka elkarrekin pasa nahi dugu urtea. Horregatik salto-saltoka.
Soka izango da urte guztian jolaserako baliatuko dugun elementua eta horiek ekarri ditugu irudira. Soka hori, saltoka hasteko bi pertsona elkarlotzen dituen elementua da guretzat, pertsonen arteko lotura, mugimenduan hasi orduko zubi bilakatzen dena.
Elkarrekin jarduteko eta euskarara salto egiteko baliatuko ditugu, beraz, sokak. Askotarikoak, gutako bakoitzarentzako bana. Euskarara norbanakoak egiten dituen hizkuntz hautua ere saltoa baita, banakako saltoa, hautu pertsonala, baina soziala ere badena, bete-betean. Horregatik, salto egin nahi dugu euskarara, salto elkarrekin.