Jarrera bat iradoki nahi du Aranzadi Ikastolak Kilometroen edizio berri honetan, egiteko eta egoteko modu bat irudikatu, alegia.
Inurri-lanaren bidez, txikitik eta isilean eraikitzen den hori dena bistaratu nahi du Kilometroen 51. edizioa jasoko duen Harro hadi leloak. Harrotasuna piztu eguneroko lanaren bidez eraikitako guztiagatik, edota deseraikitzeko hartutako erabakiegatik, herrikideen artean egindako bideagatik, helburuei eusteagatik. Harro konpromisoz jarduteagatik; Ikastola eta herria kontzientziaz elikatzeagatik.
Harro hadi deiadar bat ere bada, aktibaziorako deiadarra. Bergara eta Euskal Herria Ikastolok defendatzen dugun herri-eredutik eraikitzeko beharra adierazten du. Herrien eta norbanakoen askatasuna kolokan dagoen honetan, hizkuntza eta kultura txiki eta gutxituen aldeko defentsara deitzen du. Txikiaz harro, gureaz harro. Globalizazioaren aurrean, auzoetan errotutako identitateen aldeko apustua da. Harrotzea, saretzea, eraikitzea, eustea, egitea eta ospatzea.
Ikurra - Laia
Kilometroak ‘27ren iruditegia laia baten kontzeptuak osatzen du. Garai batean, mekanizazioa iritsi aurretik, lurra eskuz iraultzeko, prestatzeko eta sakon ereiteko erabiltzen zen laia Euskal Herriko soroetan. Auzolanaren eta komunitatearen adierazgarri leiala da, eta erabat lotuta dago lurrari eta oparotasunari.
Horixe da, hain justu, 2027ko Kilometroetan egin nahi duguna: lurra irauli, sakon landu, hazia erein eta uzta emankorra jaso. Laia lurrean sartzen dugunean, bidea irekitzen dugu, eta guk, hezkuntzaren bidez, bide berria ireki nahi dugu Bergarak eta Euskal Herriak behar duten jendarte-eredua eraikitzeko. Jakintza zehatzen transmisioan ez ezik, bizitza osorako balioetan oinarrituko dena. Sustrai sendoak dituen proiektua, gure hizkuntza eta kultura zaintzen dituena, etorkizunera begiratzen duena.
Laia bakoitzak lurra mugitzen du, eta mugimendu horretatik sortzen da bizia. Kilometroak ere horixe da: mugimendua, elkarlana, ilusioa eta herri baten indarra. Egun bateko jaia baino askoz gehiago; urte osoan ereiten dugun lanaren erakusgarria.
Horregatik guztiagatik, laia izango da aurtengo Kilometroen ikurra. Gure sustraiak aldarrikatzeko, komunitatearen indarra erakusteko eta datozen belaunaldientzako lur emankorra prestatzeko.
Helburuak
Kilometroak jaia festa hutsetik harago, Ikastolen egiteko modu eta balioak parktikan jartzeko espazioa da. Bide horretan, lau helburu nagusiren bueltan egingo dugu lan: alde batetik, Aranzadiren komunitatea indartu eta kohesionatzearekin bat, ikastola-ereduarekiko atxikimendua estutu eta harrotasuna piztea. Hau da, Bergaratik Euskal Herrira, Ikastolen sarearen garrantzia bistaratzea, nazio-proiektu gisa duen balioagatik. Bestetik, Bergarako herrigintza osatzen duten eragile eta kolektiboekin eskuz esku lanean aritzea, herri hobe bat eraikitzeko helburu eta proiektu komunak partekatu eta bultzatuz.
Hori dena auzolanaren kultura hauspotuz egin nahi dugu. Gizarte gero eta indibidualistagoaren aurrean, argi baitugu Bergara bizi bat eraikitzeko gakoa herritarren parte-hartzean dagoela. Bide horretan, Ikastolen jaiak Euskal Herrian existitzen diren auzolan-ariketa erraldoienetakoa gara, eta abagune hau baliatu nahi dugu boluntario-lanari ikusgarritasuna emateko.
Amaitzeko, Kilometroen bidez akuilu lana egin nahi dugu euskararen aldeko pizkunde berria aktibatzeko. Azkenaldian gure hizkuntzak jasan dituen eraso guztien aurrean, euskara gehiago behar dugula aldarrikatuko dugu, euskaraz bizitzeko den-dena nahi dugula, alegia. Horretarako, herriko euskalgintza-eragileekin batera, lehen lerrora ekarri nahi dugu hizkuntzaren auzia.