Goierrira itzuliko da Kilometroak jaia, urriaren 3an

Submitted by admin on Ar, 2021/23/03 - 12:22

Gaur aurkeztu dugu datorren urriaren 3an ospatuko dugun Kilometroak jaien 45. ekitaldia. Beasain, Lazkao eta Ordiziako Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastolek antolatuko dute eguna, eta “Batera, bagara, bat gara” leloa izango du.

Gaurko agerraldian parte hartu dute Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta Andramendi, San Benito eta Jakintza ikastoletako ordezkariek. Halaber, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolako ordezkariek ere hartu dute parte, Kilometroen lekukoa Goierriko hiru ikastoletako ordezkariei emateko.

Hitza hartu dute Nekane Artolak, Kilometroak Kultur Elkartearen izenean, eta Itziar Floresek, Goierriko ikastolen izenean.

Hurrengo lerroetan duzue gaurko agerraldirako prestatu dugun informazioa.

Kilometroak 2021. Aurkezpena

Jakin badakigu ez direla ospakizun erraldoietarako garaiak; ez, ordea, gogorik ez dugulako, baizik eta egoerak eragozten digulako orain arte ezagutu ditugun ikastolen aldeko ekitaldien modukoak egitea. Egoeraren araberako Kilometroak antolatuko ditugu, beraz.

Aurtengo Kilometroak antolatzeko garaian garbi izan dugu Gipuzkoako Ikastola guztien ekarpena, parte-hartzea eta babesa ezinbestekoa izango dela. Egoera berezi honi aurre egiteko modu bakarra dela baiteritzogu.

Ez da ikasturte erraza izaten ari hezkuntza munduan, ezta Ikastoletan ere. Baina ditugun baliabide guztiak jarri ditugu ahalik eta modu egokienean aurtengoari aurre egiteko.

Elkar zaintzeko urtea da, elkarrekin egotekoa, elkarri babesa eman eta denok batera norabide berean eustekoa.

Kilometroen eredu berriak egoera honekin topo egin eta ezin izan dugu guk nahiko genukeen modu eta erritmoan garatu, baina eredu berri honetarako azpimarratu izan ditugun premisak baliagarri izan zaizkigu egoerara egokitzeko. Izan ere, jaiaren tamaina egokitu, parte-hartzea sustatu eta Gipuzkoako Ikastolen konpromisoa lantzeko aukera eman digu egoerak.

Historikoki Ikastolen jaiak plaza erraldoiak izan dira euskarari eta euskal kulturari eskaintzeko. Aurtengoa desberdina izango da. Euskara eta euskal kulturari tokia emango diegu noski, baina baita gure arteko elkarlanari eta parte-hartzeari ere. Gure arteko saretzea indartu, elkarlana bultzatu eta Ikastolen ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen duten ekimenak gauzatuko ditugu. Herritik, herriarekin eta herriarentzat.

Horretarako besteak beste hainbat ekimen nazional jarri ditugu abian: Euskal Herriko Ikastoletan barrena dabilen Liburu Ibiltaria deritzona edo eta 14-16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen Euskal Herriko Komiki Lehiaketa. Lehenbiziko bi ekimenak dira, ez bakarrak, ordea. Gerora etorriko dira beste batzuk.

Gipuzkoako Ikastolek urriaren 3an plaza emango diote Kilometroei. 

Kilometroak 2021, aurkezpen ekitaldia
Irudi bilduma
Kilometroak 2021, aurkezpen ekitaldia
Kilometroak 2021, aurkezpen ekitaldia
Kilometroak 2021, aurkezpen ekitaldia