Zoragarria izan da hainbesteko boluntario taldea lanean ikustea. Urte osoan aritu gara lanean, eta ikusi dugu gure komunitatea nola joan den hazten-hazten, egunez egun. Ustekabean hartu genuen Kilometroak antolatzeko enkargua. Pozik hartu genuen, baina baita bertigo pixka batekin ere.
Gaurko egunak eman duena ikusita, argi eta garbi esan dezakegu merezi izan duela urte guztian zehar egindako bideak.
Kilometroak jaia antolatzeko enkargua iritsi zitzaigunean, onartzea erabaki genuen. Orduantxe, erabaki beharra geneukan urte osoko ardatzak eta eginkizun nagusiak zein izango ziren, eta hala, kafe tertulia bat antolatu genuen Ikastolan, urte osoan landuko genituen ardatzak zein izango ziren erabakitzeko. Urte osoan hitzetik hortzera erabili ditugun hiru ardatzak zehaztu genituen orduan: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza.
Asko hitz egin zen, horrez gainera, ardatzetan zehaztu ez zen beste kontu bati buruz: komunitatea indartzeaz. 30 bat lagun elkartuko ginen, orduan, kafe tertulia hartan. Ordutik gaur artean, boluntarioak batuz eta batuz joan dira, gaurko jai handirako mila lagun baino gehiagoko boluntario taldea erdietsi arte.
Izan ere, tertuliaren ondoren lan batzordeak sortu ziren, haietatik azpi-batzordeak, eta berriz, haietatik lan taldeak… Hala, pixkanaka-pixkanaka esnatu da gure komunitatea. Hostoz hosto, denak desberdin eta denak beharrezko. Denok gara gu elkarri esanez. Gaur, eguzkilorearen kolore guztiak puri-purian agerian dir-dirka utzi ditugu.
Urduritasuna eta poza bizi izan ditugu azken egunotan, halako jai bat antolatzea ez baita txantxa. Bidean arazoak ere sortu zaizkigu, nola ez; baina, haiek guztiak gainditzeko komunitate indartsua eta aberatsa daukagula ikusteko balio izan digute. Oso pozik gaude elkarrekin lortu dugunarekin.
Gaurko egunak eman dituen datu batzuk emango dizkizuegu:
- Jende ugari etorri da. Bereziki, familiak. Baita gazteak ere.
- Bidaiatzeko zerbitzu publikoa erruz erabili da. Etengabe ibili dira joan-etorrian autobus publikoak.
- Giro jator eta lasaia izan da nagusi. Eskatzen genuen bezala, askatasunez eta errespetuz gozatu dute Azpeitira etorritako partaideek.
- Euskara arin eta bizi entzun dugu. Hori nahiko ohikoa da gure herrian, baina poz handia ematen du hainbat euskalki bertan entzuteak: lapurtera, bizkaiera, goierriko edota tolosaldeko hizkera, nafarra eta beste asko…
- Janari gehiena amaitu da, dagoeneko.
- Bazkariko jangela beteta egon da irekita zegoen denbora osoan, eta pozik atera da jendea.
- Inguruak garbi mantentzea lortzen ari garela uste dugu.
- Oro har, ez da intzidentziarik izan.
- Puntu moreetan ere ez da intzidentziarik jaso. Bereziki zaintzen saiatu gara arlo hau, horregatik, egun osoan puntu moreak izan dira hiru gune nagusietan, eta megafoniatik behin eta berriz entzun da erasorik ez dugula onartuko zioen mezua.
- ERRONKAko irabazleak hauek izan dira:
- Legazpiko Aztegi Ikastola
- Anoetako ikastola
- Lazkaoko ikastola
Partaide kopurua: 21 ikastoletako 340 ikaslek parte hartu dute.
- Pase azkarrak harrera ona izan du. Erabiltzaileek eskertu dute aukera hau.
- Adin ezberdinetako jendeak baliatu ditu gune lasaiak eta arduradunek balorazio oso positiboa egin dute toki horietako giroari buruz.
- Helburu nagusia bete da. Txikira egindako jaiari ezarri genizkion ezaugarriak bete dira.
Aurrera begira
Eta orain, urte osoan lantzen aritu garen eta geure egin ditugun ardatzak lantzen jarraitzea dagokigu. Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. Ikastolen elkarteak eta Azpeitiko Ikastolak ez zituen ezezagunak ardatz horiek, baina gaurko garaira eta oraingo mundura egokitu beharrean gaude. Azpeitia eta gure eskualdea ere aldatzen ari dira, Euskal Herri osoa bezala. Globalizazioak, pantailen eraginak, eta mundu zitalak behartutako migrazio zein ezberdintasunek aldatu egin dute egoera.
Erronka handia da, baina baditugu erronka horren aurrean gure balioak garatzeko baliabideak. Aniztasuna nagusi, errespetua oinarri eta euskara zubi. Horixe da gure bidea, eta horretan lanean segituko dugu bihartik aurrera.
Igor Aranbarri Artezkaritza Kontseiluko kideak goizeko ekitaldian esan duen moduan: “Aurtengo Kilometroen urtean abiatu dugun bidean jarraitzea da gure desioa. Eguzkiloreak argi egiten jarrai dezan nahi dugu. Aurrerantzean ere gure ardatzek —euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza— etenik gabeko mugimenduan jarrai dezaten. Eta horretarako, ikasturte guztian zehar erein dugun hazia ernatzeko baldintza egokiak sortzea da gure hurrengo erronka”.
Horretaraxe bideratuko dugu, hain zuzen, gaurko jaian irabaziko den dirua. Gure hiru ardatzak oinarri dituen gizarte proiektuari bultzada emateko. Proiektua zein izango den erabaki gabe daukagu. Kilometroen urtea, auzolan handiaren urtea, harremanen urtea ez baita gaur amaituko. Hainbat eragilerekin elkarlanean iritsi gara honaino, eta hemendik aurrera ere halaxe jarraitu nahi dugu lanean.
Ez dugu guk bakarrik erabakiko proiektu desiratua. Horrek ere, noski, bere prozesua eskatuko du. Hemendik aurrera, harreman urtearen analisi zorrotza egitea dagokigu, eta gogoeta horretatik etorkizuneko proiektu desiratuaren bizkarrezurra marrazten hastea. Iazko urrian esan genuen arrastoa utzi nahi genuela gure komunitatean, baita gurekin batera harremandu izan diren erakunde eta pertsonengan ere. Hemen amaituko ez den eta etengabe aurrera segituko duen proiektuentzat euskarri izaten saiatuko gara. Beraz, jarraituko duzue gure berri izaten.