Ibilian-ibilian, bueltan da Kilometroak Lazkaon
Gipuzkoako ikastolen jaia abiatu zen lekura itzuliko da 50. ekitaldian. 1977an egin bezala, Lazkaoko Ikastolak antolatuko du 2026ko Kilometroak jaia, urriaren 4an
Herriko plaza mukuru beteta, lazkaotarren ikusmina agerian geratu da Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldian. 50. ekitaldia du 2026an Gipuzkoako ikastolen jaiak, eta, hain zuzen, lehen urratsak egin zituen lekura itzuliko da urriaren 4an: Lazkaora.
Lazkaoko Ikastola dagoeneko buru-belarri ari da lanean urteurren borobila antolatzen. Hala adierazi du aurkezpenean Ion Martinez Lazkaoko Ikastolako zuzendariak. Aitortu du ardura handia dela gisa horretako jai bat prestatzea, baina argi du asmoa orain mende-erdi piztu zen txinpartari hauspoa eman eta suari bizi-bizirik iraunaraztea dela.
Herriko ikastetxe bakarra izanik, herritar orok du Lazkaoko Ikastolarekin loturaren bat. Zuzendariak “herriak herriarentzat” sortutako ikastola dela nabarmendu du, eta horregatik jarri dute helburu gisa komunitatearen partaidetza sendotzea eta atxikimendua areagotzea.
Ikastolaren proiektua, klandestinitatean, herriko garajeetan abiatu zuten lazkaotarrek, Irantzu Amundarain lehendakariak azaldu duenez. Orain 50 urte Francoren diktaduraren azken astinduetatik, ordea, asko aldatu da egoera.
Jai honek herrian eta herritarrengan arrastoa uzten du. Jaiaren itzulera berezia dela aitortu du Xeber Maiza koordinatzaileak, eta “ilusioz eta pasioz” heldu diola erronkari pauso berriak emateko. Adierazi du ibilian-ibilian lortu dela jendea ikastolaren bidera batzea, ibilian-ibilian euskara bultzatu eta euskara sasoiko mantentzea, eta horregatik aukeratu dutela 50. ekitaldiko leloa: Ibilian-ibilian, buelta!.
Leloaren muina irudikatu nahi izan du Lazkaoko Ikastolak logoan ere, Maizaren hitzetan. 50 zenbakia ageri da, urte horietako itzulinguruak espiral batean islatuz. Hori bai, irekita dagoen espirala da, “ateak zabalik” dituztelako, koordinatzailearen esanetan. Bilgunea ere irudikatu nahi izan dute forma biribil horretan, Lazkaoko Ikastolak beti izan duelako argi herriak eta herriarentzat sortua dela: “Ikastolen ikur den etengabeko berrikuntza, aspaldian martxan jarri eta etenik ez duen proiektua da, itxiko ez den zirkulua, aurrera jarraitzeko asmoa duena”.
Lazkaotarren erantzuna ikastolak aurrean duen erronkaren parekoa izatea espero du Ion Martinez zuzendariak.
Ibilia hasi du 2026ko Kilometroak jaiak, Lazkaon.