Skip to main content

KILOMETROAK TXIKIA

Ibilian-ibilian, bueltan da Kilometroak (oraingo honetan TXIKIA) Lazkaon

Otsailaren 7an ospatuko dugu Lazkaon Kilometroak Txikia, urriaren 4an egingo dugun Kilometroak jai handiaren atarikoa.
 

Ikastola osatzen dugun komunitate osoari zuzendutako jaia da: ikasle, guraso, irakasle eta ikastolaren inguruan diharduten eragile guztiei zabaldutakoa. Helburu bikoitza dauka egun honek: batetik, ikastola osatzen dugun kide guztiok elkarrekin, egunaz gozatzea; bestetik, Kilometroak jaia, egun bakarraz haratago, urte osoko hainbat ekitaldik osatzen dutenez, jendea jai honen parte sentiaraztea.

Egitarau betea antolatu da egun horretarako. Ikastolan egingo den hasiera ekitaldi baten ondoren, gazteek erronka-taldearekin ekintza/jolas batzuk izango dituzte, eta, aldi berean, ibilaldi bat izango da herrian zehar HH-LHko haur eta helduentzat. Ibilaldia girotua izango da musikariekin, buruhandi eta erraldoiekin, erakusketa batekin… eta tartean jolasen bat ere izango da. Ibilaldiaren antolaketa errazteko, aurrez eman behar da izena webgunean.

Eguerdian herri-bazkaria egingo da Ikastolako jolastokian; aurrez erosi behar da tiketa Kilometroak webgunean online edo HH-LHko eraikineko administrariaren bulegoan bertan. Tiketa erosterakoan hiru menu izango dira aukeran (haurrrena, helduena eta barazkijalena). Bazkalostean helduentzako kantaldi bat antolatu da, eta baita haurrentzako jolasak ere.

Laburbilduz, HEMEN klik eginda egin ditzakezue izen emate eta erosketa guztiak:

  • Goizeko ibilaldia (HH-LHko haurrak eta helduak)

  • Goizeko jolasak (Gazteak)

  • Bazkaria (hiru menu aukeran)

  • Arratsaldeko haurren jolasak

Eguna borobiltzeko, erromeria izango da arratsaldean plazan eta barra ere jarriko da bertan; baita afari-mokadua eginda etxeratu nahi duenarentzeko taloak ere!

Badakizue, autengo Kilometroak berezia da; 50. edizioa ospatuko dugu Lazkaon, orain 50 urte, ikastolen eta euskararen alde gisa honetako lehen jaia egin zen toki berean. Horregatik, eta 50 urte hauetako ibilbideak eman duena laburbilduz, Kilometroen historiaren laburpena egiten duen erakusketa ere egongo da egun horretan ibilbidean zeharreko geldiune batean ere (Lazkao Txiki zelaian)

Kilometroak 2026 jai handia da, guztion ikastolaren aldeko ospakizun handia, eta oso garrantzitsua denok, urte osoan zehar egingo diren ekitaldietan parte hartzea. Dagoeneko jende asko ari da ikastolaren alde lanean, zuek denok espero zaituztegu, denon artean otsailaren 7ko Kilometroak Txikia handi egiteko.

Irudia
Lumagorri
Irudia
Kaiku
Kartela

Albisteak