Skip to main content

Orereta Ikastola

Ikastolaren historia eta ildoak

1963an, Santa Klara kaleko Pioneko pentsu-tokiaren atzealdean eman zituen lehen pausoak Orereta Ikastolak, eta zortzi ikasle hasi ziren bertan ikasten Arantza Idiazabal andereñoarekin. 

60 urte luze hauetan, Juan De Olazabal eta Agustina mojek zuten eskolaren zati bat erabili ondoren, gaur egun, hiru gunetan dago banatuta Ikastola: Esmalteria (Haurreskola, HH2-HH3), Lino (HH4-HH5) eta Añabitarte (LH, DBH eta Batxilergoa, Haurtzaro ikastolarekin batera sortutako Oiartzo Ikastolan).

Añabitarte, Lino eta Esmalteria

Zortzi ikaslerekin hasi zen ikastola hura 1.460koa da egun, eta, zailtasunak zailtasun, garai bakoitzera egokitzen jakin du, baina hasierako oinarriei eutsita: kalitatezko hezkuntza-proiektu euskalduna, nazionala eta burujabea, Euskal Herrian, euskaran zein euskal kulturan oinarritua eta beste hizkuntza nahiz kulturei irekia. Irabazi asmorik gabeko herri onurako kooperatiba izanik, etengabeko hobekuntzaren eta Ikastolako komunitate osoaren elkarlanaren fruitua da hori guztia.

Euskal Herriaren naziotasun ikuspegia eta elkarlana ardatz hartuta, Zubiak Eraikiz proiektua du martxan Orereta Ikastolak Urruñako, Hendaiako, Ziburuko eta Biriatuko ikastolekin batera. Bost ikastoletako haurren arteko ezagutza sustatu eta laguntza ekonomikoak bideratzea da egitasmoaren helburua.

baratzea baso eskola

Aitzindariak izan ginen Orereta Ikastolan eta hala izaten jarraitzea dugu desio. Pedagogia eraldatzailea oinarri hartuta, ikasleak jartzen ditugu erdigunean, bizitza osoan ikasten jarrai dezaten prestatzeko, aurrera egiten ikasteko. Horretara bideratuta daude bai profesionalen lana, bai Ikastolako eraikin eta espazioak. Eta espazioei dagokionez, ezin ahaztu Añabitarte ingurune berdean dagoela, gure herriaren arnas-guneetako batean,  eta naturarekin kontaktuan jartzen dituela haur eta gazteak egunero. Ingurunearekiko kontaktu hori areagotu egin da azken urteetan, gainera, baso-eskolari, baratzeari eta autokonposta- guneei esker.

Aurreko Kilometroak jaiak

kilometroak 84   

-1984ko urriaren 7an, Kilometroak festa antolatu zuen lehen aldiz Orereta ikastolak, "Noiz arte honela? …" lelopean: Noiz arte ikastola horrela? Noiz arte euskara hankapean? Bertan, besteak beste, Koldo Mitxelena, Bittor Idiazabal, Aita Barandiaran, Karlos Garaikoetxea EAEko lehendakaria eta Imanol Murua Gipuzkoako diputatu nagusia izan ziren.

kilometroak 99     

-1999ko urriaren 3an, bigarrenez antolatu zuen Orereta ikastolak Kilometroak, "Bizi" lelopean. Koldo Mitxelena plazako eraikin berria erosi eta behar besteko obra egiteko diru biltzea zuen helburu. Baita euskaraz bizitzea aldarrikatu eta mundura zabaltzea ere: teknologia berrien bidez Ameriketako Estatu Batutako Boiseko ikastolarekin eta Argentinako Arrecifeskoarekin harremanetan jarri eta, bietan, “Kilometroak txiki” jaia antolatu zen.