Kilometroak Kultur Elkartearen eta Mintzola Ahozko Lantegiaren Ikerketa Beka

Submitted by admin on Ar, 2021/13/04 - 09:08

Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena emango zaio 2021ean. Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dugu berriro; aurtengoan, Kilometroak antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen babesarekin.

Hiru ikastolak Goierriko eskualdean (Gipuzkoa) daude kokatuta, eta hango ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako da beka. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta uztailean jakinaraziko da nor den sariduna; 3.000 euroko dirulaguntza dugu esleitzeko.

"Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela" garbi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak, iazko Pello Mari Otaño ikerketa deialdiko proiektu sariduna aurkezteko agerraldian; Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak prestatutako Aiztondoren zirtotsa proiektuak eskuratu zuen saria orduan. Elkarlan proposamena pozik hartu genuen Mintzolan, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: "Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke", berretsi zuen.

Eta lankidetza horrek aurrera eginda, iritsi da 2021eko deialdi hau ere.

Kilometroak-Mintzola Ikerketa Beka 2021

Aiztondoko bertsolaritzaren ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen helburua.

Goierriko ahozko ondarearen (kantu, ipuin, bertso, atsotitz, esapide…) bilketa eta hari buruzko ikerketa bultzatzeko xedea du Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitutako ikerketa beka honek. Kilometroek eta Mintzolak deitzen dute ikerketa beka, Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolen babesarekin.

Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) ahozko ondarearen bilketa, ikerketa eta haren dibulgazioa egitea da deialdi honen xedea; eta, beraz, eremu horretan edo han kokatutako herri bateko ahozko ondarearen bilketari eta ikerketari buruzko proiektuetarako da. Jasotzen diren ikerketa proiektuak aztertu eta gutxieneko maila dutenen arteko onenari esleituko zaio beka. Hautatutako proiektua gauzatzeko urtebeteko epea edukiko du proiektuaren egileak (edo egileek). Ikerketa proiektuak norbanako edo talde batek aurkez ditzakete, eta beraz, baita gauzatu ere.

Prozedura

  • 3.000 euroko dirulaguntza bat esleituko da.
  • Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa da unibertsitate ikasketetan tituluduna izatea 2021eko ekainaren 30a baino lehen (taldeen kasuan, kide guztiak).
  • Epai-batzordea babesleak diren ikastoletako, Kilometroak Kultur Elkarteko eta Mintzola Ahozko Lantegiko ordezkari banaz osatuko da.
  • Aurkezturiko curriculumak eta ikerketa proiektuak epai-batzordeak baloratuko ditu. Puntu gehien lortzen duen hautagaitik gutxien dituenera zerrenda egingo du epai-batzordeak. Beka eskuratzea merezi duten hautagaien artean puntuazio altuenak lortu duenari esleituko zaio beka. Bekari uko egin edo beka jasotzea ezinezko egingo lukeen egoerarik gertatuko balitz, zerrendako hurrengoari esleituko litzaioke.
  • Batzordeak proiekturik aurkeztu dutenei elkarrizketa pertsonala egiteko aukera edukiko du.
  • Epai-batzordeak aurkeztutako proiektuek aski kalitate ez dutela iritziko balie, bekarik ez esleitzea erabaki lezake.
  • Bekaren %60 erabakia publiko egin eta 30 eguneko epean ordainduko da; gainontzeko %40a lana burututakoan gauzatuko da.
  • Proiektuari dagokion ikerketa lana gauzatuta 2022eko uztailaren 15a baino lehen helarazi beharko da idatzita. Beraz, bekaren esleipenetik urtebeteko tartea edukiko du ikertzaileak proiektua gauzatzeko. Aurkeztutako lana ontzat eman beharko du epai-batzordeak.

Eskariak

  • Ikerketa proiektua eta beherago eskatutako agiriak Mintzola Ahozko Lantegiko zuzendaritzari bidali behar zaizkio posta arruntaz edo eskuz (Mintzola Ahozko Lantegia. Subijana Etxea. Kale Nagusia, 70. 20150 Amasa-Villabona).
  • Ikerketa proiektuak deialdi honetan den eskari orria beteta aurkeztu behar dira, deskargatu orria.
  • Eskariak aurkezteko epea: 2021eko ekainaren 30era arte.
  • Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
    • Nortasun agiriaren fotokopia. Taldea den kasuan, kide guztien nortasun agirien fotokopiak.
    • Deialdi honetan oinarriekin batera argitaratutako eskaera inprimakia.
    • Eskatzailearen CVa; edo eskatzaileen CVak, taldea den kasuan.
    • Espediente akademikoaren kopia; edo espedienteen kopiak, taldea den kasuan.
    • Ikerketa-proiektua: ezinbestean agertu behar dira helburuak, esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia (1.500-5.000 hitz). Ikerketa proiektua bera ondorengo e-postara ere bidali behar da PDF formatuan: administrazioa@mintzola.eus .

Ebaluazio irizpideak

  • Proiektuak honako irizpide hauen arabera ebaluatuko dira:
    • Proiektuaren helburuak eta interesa.
    • Proiektuaren ebaluazio orokorra: esparru teorikoa, aurrekariak eta metodologia.
    • Proiektuaren garapen maila.
    • Proiektuaren bideragarritasuna.
    • Eskatzailearen espedientea: CVa(k) eta espediente akademikoa(k).
    • Euskarazko proiektuak soilik onartuko dira.

Datak eta informazioa

  • Proiektuak aurkezteko epea: 2021eko ekainaren 30era arte.
  • Beka jasoko duen ikerketaren eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko azken eguna: 2021eko uztailaren 15a.
  • Ordainketa: %60a 2021eko uztailaren 15aren astean egingo da; gainontzeko %40a ikerketa lana amaitutakoan, 2022ko uztailaren 15ean, beranduenez.
  • Proiektuaren araberako ikerketa lana eginik idatzita entregatzeko epea: 2022ko uztailaren 15ean, beranduenez.
  • Ikerketa lana osorik edo zatika argitaratzeko zein baliatzeko eskubidea edukiko dute deialdiko antolatzaileek.
  • Ikerketa beka honen babesleak diren ikastoletako web orrietan, Kilometroak jaialdiko atarian (www.kilometroak.eus) eta Mintzola Ahozko Lantegiaren atarian (www.mintzola.eus), argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa eta urratsen berri.
  • Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara zuzenduko dira: administrazioa@mintzola.eus .

Informazio guztia dokumentu honetan

Kilometroak Kultur Elkartearen eta Mintzola Ahozko Lantegiaren Ikerketa Beka