PINPILINPAUXA, HERRIZ HERRI

 

‘Eta badoa pinpilinpauxa lorez lore, korri, punpa, ttak, herriz herri, korri punpa, ttak, denboraz denbora, korri, punpa, ttak, izarrez izar, korri, punpa, ttak. Amonaren irribarreak zerua bilduko du alderik alde, korri, punpa, ttak”.

Hala amaitzen da Juan Kruz Igerabidek 2020 Kilometroak jairako idatzitako ‘Pinpilinpauxaren bidea” ipuina. Eta zein modu egokia aurtengo jaiari amaiera emateko. Une gogorrak, zailak, zailtasunez beteak bizi izan ditu urte honetan Zubimusu Ikastolak. Eta etorkizuna ere ez da erraza izango. Baina 2021eko urriaren 3an Gipuzkoako Ikastolen jaia egingo da.

Hala adierazi dute gaur Zizurkilen egin den lekuko aldaketaren ekitaldian. Gipuzkoako Ikastolek hartu dute lekukoa gaur, “arduraz eta erantzukizunez”, Gipuzkoako Ikastolek “baldintzei egokitutako Kilometroak” egiten jarraituko dutelako. Aurten, eredu berriaren baitan ernaldu den pinpilinpauxak herriz herri jarraituko duelako.

Amasa-Villabonako alkate Beatriz Unzue eta Zizurkilgo alkate Iker Urruzola izan dira hitza hartzen lehenak: “Inork gutxik pentsa zezakeen besarkadak eta musuak emateko zailtasunak izango genituenik; baina zubiak eraikitzen jarraitzeko konpromiso irmoa dugu. Orain daukagun distantzia soziala deiturikoak ez du oztoporik sortu elkarrekin lanean jarraitzeko. Korri, Punpa, Ttak elkarrekin egin dugu eta ikastolak erakutsi digu hiru herrien arteko lana posible dela”.

Iaz Zarautzen hartutako lekukoari ere egin diote keinu, eta adierazi dute egun hartan esandakoak mantentzen dituztela: “Euskara eta euskal kultura zabaltzen jarraitzea! Gure amon-aitonek izan zuten helburu berdina. Haien eskutik jaso izan dugu lekuko hori, orain egurrezko irudi batekin irudikatzen dena”. Kilometroak jaiko lekukoa, ordea, egurrezko pieza bat baino gehiago dela aldarrikatu dute bi alkateek, “gure nortasuna, sentimendua, harrokeriarik gabeko harrotasuna, hizkuntzak ematen digun herri izaera, txikia izanagatik ere handia den gure ondarea” irudikatzen baitu.

Unzuek eta Urruzolak etorkizunera ere begiratu dute: “Garrantzi handikoa izango da 2021eko eta datozen urteetako lekukoa hartuko duten ikastolak eta herriak, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitzeko zeregina izango baitute”. Etorkizun horretan Zubimusu Ikastolak berriz ere lekukoa hartuko balu, “oholtzaren gainetik edo behetik babes osoa eta lanerako prestutasuna” izango dutela adierazi dute bi alkateek.

Hezkuntzaren garrantzia balioan jartzeko garaia

Mikel Ugarte, Zubimusu Ikastolako lehendakariak iraganetik hasi du hizketaldia, etorkizunerako eskariarekin amaituz. Orain lau urte Zizurkilgo eraikina inauguratu zuten unea edo garai bertsuan Villabonako Txermin eraikinean egindako lanak izan ditu gogoan: “Orduan, batez ere, irakasleek egin zuten lan ikaragarria eskertu nuen, gurasoen ordezkari gisa, auzolanak izugarrizko garrantzia izan baitzuen”.

Ugarteren hitzetan “komunitate izaera da ikastolen izaera”. Euskara eta euskal kultura mantentzeko Ikastolen sorrera eragin zuten beharrak gogoratuz, “gaur egun ere, ikastolek aurrera jarrai dezaten, oraindik irakasleen eta gurasoen inplikazioa ezinbestekoa” dela adierazi du, eta hezkuntzari behar duen garrantzia emateko eskatu die instituzioei: “Ikaslea etxean bezala senti dadin parte izan beharko genuke. Baloreak transmititzeko eta elkar aberasteko parte izan beharko genuke. Auzolanerako prest egon beharko genuke. Baina, arlo ekonomikoko hutsuneak betetzea al da ikastola komunitatearen betebeharra? Obrak ordaintzea? Ditxosozko covid-19ak gauza asko azaleratu ditu, eta horien artean baliabide eskasia”.

Hala, gaineratu du, arduradunek kontziente izan behar dutela hezkuntza sektoreak barne produktu gordinaren %100 betetzen duela, “gaurko eta biharko ikerlariak, irakasleak, medikuak, lorezainek, kale garbitzaileek, arkitektoek, zaintzaileek, ingeniariek, enpresariek… guzti-guztiok, hezkuntza sistema baitugu oinarri”. Aurrekontuak prestatzerako orduan, “hezkuntza sistema osoaren beharrak ase” beharko liratekeela adierazi du Zubimusu Ikastolako lehendakariak, “are gehiago osasuna ere jokoan dugun garai hauetan”.

Ikastolako komunitateak hor jarraituko dutela gehitu du, “auzolanean”, baina horretarako baliabideak eskatu ditu Ugartek: “Mesedez, emaiozue hezkuntzari behar duen eta benetan duen garrantzia”.

Erreparazio beharra

Kilometroak jaiak eredu berria izango zuela iragarri zenean, aurtengo urtea “berezia” izango zela jakitun ziren Gipuzkoako Ikastolen Elkartean. “Ezin izan dugu behar bezala garatu gure asmoa, baina garbi dugu Gipuzkoako Ikastolok egindako hausnarketatik ateratako ondorioak inoiz baino ageriago gelditu direla azken hilabeteotan”, zehaztu du Nekane Artolak, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Gaixotasunaren sintomak somatzen hasia zen Ikastolen Elkartea, eta eredu berria sintoma horiek arintzeko formula zela aurreikusten zuen. “Baina pandemiaren bilakaerak eta, ondorioz, ezarritako protokolo, neurri eta araudiek sintomak eritasun bilakatu dituzte. Euskararen hainbat arnasgune erori eta desagertzen ari dira, kultur egitasmoetarako plazak eta kaleak hutsik daude, baita sortzaileentzako aurrekontuak ere, ikus-entzunezkoetan basamortua, gazteentzat erreferente falta eta jairik ez”. Baina horiek denak beharrezko dira hezkuntza sistemari zentzua eman eta bizirik iraun dezan. “Beraz, formula berriak, botikak eta sendabelarrak ere beharko ditugu egoerari aurre egiteko, herri ekimen eta proiektu, akordio eta lege berriak uztartuz”, gehitu du Artolak.

Osasun pandemiaren ondorio bortitzez eta horien erreparazioari begira jartzeko beharra ere azpimarratu ditu Artolak, “izan ere, egunerokoan Ikastoletan langileak, familiak eta ikasleak pairatzen ari direna ez baita erraza. Egoera honi eustea ez da samurra izango. Beldurra sartu zaigu barru-barruraino, eta distantziamendu baldintzek eta baldintza pedagogikoek haurren zein nerabeen garapen emozional, mental eta fisikoan eragina izan dute, eta izango dute”.

Euskara ere hizpide izan du Artolak, sei hilabeteko etenak hezkuntza beharrak, arazoak eta ezinak gehiago azaleratu baititu. Hala, hezkuntzari dagokionean, dagokien erantzukizun eta arduratik betiko aldarrikapenari inoiz baino sendoago helduko dietela gaineratu du: “Murgiltze eredua hezkuntza sistema osoan”. Zentzu honetan, baina, bakoitzak bere esparruan duen ardura eta erantzukizunari heldu behar diola aldarrikatu du,”urgentziaz”.

Hezkuntza sistema zalantzan jartzeko garaia

Guzti honek “gure hezkuntza sistema zalantzan jartzeko ere balio behar du”, Artolaren arabera: “Bere osotasunean, egin diren lanak, metodologiak, ikasle-irakasle-familien protagonismoa, egituraketa juridiko zein laborala…”. Hori da bere ustez pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia.

Lanketa hori, baina, ezin dute ikastolek bakarrik egin. “Hezkuntza eragile guztiak leku berdinera iritsi gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa”. Horretarako baliabideak eskatu ditu Artolak: “Jakin badakigu erkidegoko hezkuntza sailarekin batera badagoela lanerako esparru bat irekita, baina baliabide horiek zenbatekoak izango diren eta noiz izango ditugun jakiteak urgentzia du”.

Krisi egoera hau “Ikastolen arteko sareak indartzeko, gure komunitateari parte hartze eremu berriak zabaltzeko, eragileekin harremanak sendotzeko eta herritarrekin batera gure hezkuntza sistema goitik behera eraldatzeko” aprobetxatu behar dela adierazi du Gipuzkoako Ikastolen lehendakariak. “Denon beharra dugu, euskalgintza, kulturgintza, herrigintza, hezkuntza eta administrazioa. Elkarren beharra dugu, elkar zaindu behar dugu baldin eta Euskal Herri bizia nahi badugu”.

Zubiak

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Zubimusu ikastolaren herri arteko izaera aintzakotzat hartuta, ikastolek jokatzen duten "zubi" papera azpimarratu du. “Beren inguruko herritarrak, belaunaldi ezberdinak, izaera anitzeko jendea batzen dute ikastolek. Halako zubiei esker eraikitzen dugu Euskal Herria, euskal komunitatea. Gaur egun bizi dugun garai zailetan, ziur nago herri edo komunitate izaera horrek ere lagunduko digula aurrera ateratzen”, adierazi du. Olanok, amaitzeko, euskararen aldeko konpromisoa berretsi du eta eskerrak eman dizkie Kilometroak zikloaren antolakuntzan aritu diren guztiei, pandemiak utzitako oztopoen gainetik egindako lanagatik.

Azaroaren 13an Donostiako Kursaal-ean egingo den Ikastolatik Herrira ekitaldirako gonbidapenarekin amaitu da 2020ko Kilometroak Eguna.