Aurkezpen ekitaldiaren bukaeran ikasleek erronka bota diete elgoibartarrei. Elkarrekin soka saltoan aritzea izango da erronka, banaka ez baina, taldean, elkarrekin eta elkarri soka emanda. Janus Lester taldearen erritmoz betetako Dap-dap abestiaren doinuan erakustaldia egin dute ikasleek, eta mezua ere luzatu diete ekitaldira bertaratutako guztiei Nagore Mulas eta Martin Serrano Ikastolako ikasleek:
“Zubiak eraiki nahi ditugu gure artean. Soka, zubi bat da, norbaitek eragiten badio.
Soka gonbidapen bat da, euskaraz aritzeko. Sokari emango diona behar dugu, salto egiteko.
Hau erronka bat da, gu denontzako. Urtea emango dugu salto-saltoka. Salto euskarara Elgoibar! Astindu sokak eta berotu hankak!”.