Skip to main content

Eskertza ekitaldiarekin amaitu da Kilometroen urtea

2024/10/19

Tutera-Azpeitia egitasmoarekin abiatu da 2024ko Kilometroen urtea otsailean. Eta urte osoan etapaz etapa Nafarroako Erriberatik Azpeitirainoko bidea egin ostean, egitasmo berarekin amaitu dute gaur Kilometroen urtea ere. Gaur iritsi dira Lagun Onak mendi Bazkunako mendizaleak herrira, Beasain-Azpeitia arteko azken etapa eginda. Ikastolako haur eta guraso multzo batek harrera egin diete ikastolaren atarian, Ikusi mendizaleak abestiaren doinupean.

Jarraian, eskertza ekitaldia gauzatu da. Mendizaleei lehenbizi, bederatzi etapetan egindako bideagatik, eta bide horretan euskararen egoera ezagutzera emateagatik. “Tuteran ikastola eta Errigorako lagunekin izan ginen, Milagron Tuterako ikastolara doazen guraso batzuekin, eta haiei esker otarrak zozkatzen hasi ginen. Lerienen Agerraldiaren berri izan genuen, eta  Errigorako produktuak zozkatzera pasatu ginen. Lizarran Garean euskara elkartea eta ikastolako ordezkariak etorri  zitzaizkigun eta Etxarrin ere ikastolako ordezkarienin bildu ginen”, ekarri du gogora Gorka Artola 2024ko Kilometroen koordinatzaileak.

Eskertza, baina ez da mendizaleentzat bakarrik izan Kilometroen urtearen bukaera ekitaldian. Artolak banan-banan Kilometroen jaia aurrera ateratzeko beharrezko izan diren batzorde guztiak, eta haiek ez ezik, Kilometroen egunean lanean jardun zuten guztiak ere ekarri ditu gogora. “Eskerrik asko guztioi urte guztian egin duzuen lanagatik, toki ezberdinetatik ari naiz zorion mezuak jasotzen KMK24n egon zen giro ederra dela eta. Baina hau guztia zuei esker izan da! Aupa zuek! Eta hurrengo erronkararte!”.

Artolak berak ere jaso du aitortza gaurko ekitaldian. Urte osoan egindako lan ezin hobeagatik eskerrak eman dizkio ikastolak, eta lore sorta bat eman dio Maite Bereziartuak ikastolaren izenean: “Gorkak ondo esan duen moduan, jende asko da urte honetan guztian lanean aritu dena, izpi ezberdin ugari izan dira urteak argitu digutenak, baina izpi guztiek ardatz bat izan dute. Ardatz hori izan da izpi guztien abiapuntua. Kilometroak antolatzeko proposamena Ikastolara iritsi zenetik izan da ardatz hori denon euskarri. Ardatz hori, denok dakigun moduan, Gorka izan da. Hemen ari da bati eta besteari eskerrak ematen, baina denok eman nahi dizkizugu eskerrak zuri. Eskerrik asko izpi guztiek argi egin dezaten egindako lanagatik!”. Artolak hunkituta jaso du esker ona.

Emanaldi horren barruan, Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoek oparituriko pagoa landatu dute ikastolako kideek Izarraizko Atea Parkean. Hala esan du Maite Bereziartua ikastolako kideak: “Azken Kultur Izpien kimua dugu berau Izarraitzko Atean geratuko dena, beste pago guztien artean, pago honek hartuko du eguzki lorearen lekukoa. Hau izango da KMK 24ko kimua, gogoraraziko diguna egin dugun lana eta egiten jarraitu behar duguna”.

Pagoa

Albisteak

2024-11-29
Maalako parkea herritarrez beteta zela aurkeztu ditugu 2025eko Kilometroen irudia, leloa eta helburuak: batetik, lankidetza eta parte hartze sozial aktiboa balioan jarri eta indartu nahi ditugu eta, bestetik, Kilometroen u
2024-11-29
Aurkezpen ekitaldian inbidiaz begiratu diegu eszenatoki gainera igo direnek soinean zituzten arropei.
2024-11-29
Aurkezpen ekitaldiaren bukaeran ikasleek erronka bota diete elgoibartarrei. Elkarrekin soka saltoan aritzea izango da erronka, banaka ez baina, taldean, elkarrekin eta elkarri soka emanda.