Kilometroek eta Azpeitiko Udalak gaitzetsi egin nahi dute gure herrian berriki gertatutako eraso sexista. Beren laguntza nahiz babes osoa adierazi nahi diete erasoa pairatu duten emakumeei eta bere ingurukoei, lehentasuna emanez babes eta baliabide guztiak emakume horien esku jartzeari.
Emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituena, eta forma asko hartzen ditu. Horietako bat da indarkeria digitala. Beraz, Kilometroek eta udalak halako erasoek emakumeengan sortzen dituzten beldur mekanismoei aurre egiteko baliabideak jartzen jarraitzeko konpromisoa berresten dute.
Kilometroek eta udalak ozen adierazi nahi dute herri honek ez duela inolako indarkeria matxistarik onartzen, eta azpimarratu nahi dute espazio publikoa eta herriko jai-guneak espazio seguru, gozagarri eta askeak izan behar dutela.
Pozgarria da, urte askotako lanaren ostean, neskek eraso oro identifikatzeko eta horiek salatzeko gaitasuna izatea. Oraingoan, adingabeen interes gorenaren printzipioa errespetatuz, eta nerabeak babesteko asmoz, bereziki azpimarratu nahi da intimitaterako eskubidea, beraien eguneroko bizitzan gertaera honen inpaktua ahalik eta arinena izan dadin.
Kilometroak eta udala jabetzen dira halako gertaerek eragin zuzena dutela herriko neska eta emakumeengan. Horregatik, lanean jarraituko dugu, bereziki hezkuntza komunitatetik, berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu beharra daukagulako denon artean. Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea dira gure ardurak.
Kilometroak eta Azpeitiko Udala