Biharko Kilometroen egunean Gipuzkoako 21 ikastoletako 340 gaztek Erronkan parte hartuko dute; guztiak ere DBH3 eta DBH4 mailetakoak dira. Talde bakoitzaren ardura bi pertsona helduk izango dute. Honako ikastoletako taldeek parte hartuko dute Erronkan: Orereta, Anoeta Herri Ikastola, Laskorain, Lazka, Haztegi, Aranzadi, Santo Tomas lizeoa, Txantxiku, Udarregi, Haurtzaro, Jakintza, Uzturpe, Urretxu-Zumarraga, Zurriola, Ikasberri, Andoain, Zubimusu, Arizmendi, Andramendi, Salbatore Mitxelena eta Pasaia Lezo.
Igandean, Kilometroetako egitarauaren barruan, 10:00etan aurkeztuko dituzte taldeak herriko plazan, eta ondoren probaz proba ibiliko dira plaza eta Loiola artean. Zazpi proba egin beharko dituzte, guztira: bertsolaritza (plazan), kultur ginkana (Matxinada plazan), Loiolara joatea, zirkuitua (Loiolako Inazio etorbidean), Marea Urdina (Loiolako Inazio etorbidean), pentatloia (zezen plazan) eta bazkaritarako paella prestatzea.
Proba horiek Azpeitiko ikastolak herriko beste hainbat eragilerekin prestatu dituzte; besteak beste, Erniarraitz bertsozale elkartearekin, Kulturaz kooperatibarekin eta Marea Urdinarekin.
Proba guztiak bukatu ondoren, Azoka Plazan elkartuko dira denak batera bazkaltzeko. Bazkalondoan banatuko dituzte sariak. Sari potoloak jasoko dituzte lehen hiru postuetan sailkatzen diren ikastolek: irabazleak 1.000 euro jasoko ditu; bigarrenak, 500 euro; eta hirugarrenak, 300 euro.