Entzungai da dagoeneko Kilometroak 2023ren Erriola kanta

2023/05/05

Jon Maia bertsolariak sortu ditu Orereta Ikastolak antolatutako Kilometroak jaiaren abestiaren hitzak eta Janus Lester taldeak jarri dio musika

Kilometroak 2023k badu soinu banda: Erriola, urriaren 1ean Errenteria- Oreretan egingo den jaiarekin amaituko den Kilometroak urte osoko egitasmoaren leloaren izen bereko kanta. Izan ere, gaurdanik, maiatzak 5, entzungai da audio plataforma nagusienetan (Spotify, iTunes...) Kilometroak 2023rako propio Jon Maia bertsolariak eta Janus Lester taldeak osatutako kanta.

Jon Maiak Errenteria-Oreretari eta Kilometroak 2023ri egokitutako Kantu bat Gara kontzertu berezia eskaini zuen Lekuona Fabrikan otsailaren 24an, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren 20. urteurrenaren harira Kilometroak 2023k atondutako “Egunkariatik Berriara, 20 urte” astearen baitan. Emanaldi gogoangarri hartan urte osoko jaiaren hiru zutabeak izan zituen ardatz bertsolari zumaiarrak: komunitatea, euskara eta errelatoarenbidezko aitortza. Eta Erriola kanta osatzerakoan, ildo bera jarraitu du: “Erriola izanik leloa, euskararen mugimenduaren metaforatzat hartu dut, nola herria biltzen duen beso bat den eta aldi berean batzen duen zerbait. Eta errio horren itsasoa, herri osoa euskaraz ikustearen ametsa”.

Jokin Pinatxo musikari beratarrak gidatzen duen Janus Lester taldeak ondu du Erriola kantaren musika. Mattin Arbelaitz (bateria), Garazi Esnaola (teklatuak), Ane Bastida (baxua), Javier Etxarri (gitarra), Julen Suarez (tronpeta), Andoni Arriola (tronboia) eta Jokin Pinatxo (ahotsa) taldekideek, bandaren estiloari fidel, doinu melodiko iradokitzaileak eta dantzagarriak uztartu dituzte, urriaren 1eko festarako motorrak berotzen hasteko kantu ezin aproposagoa osatuz. “Beti izan naiz nahiko pertsona melodikoa eta garbi nuen abestietan melodiak izango zuela garrantzia handiena, bai nire ahotsean eta baita bandan ere; izan ere, zazpi pertsonako banda gara eta bakoitzak izango zituen lineatan ere eman nahi nien garrantzia handia. Erriola abestian nahiko nabarmena da melodiak duela pisua, bai nik abesten dudanean bai zati instrumentaletan ere”, adierazi du Pinatxok.

Jon Maiaren eta Janus Lesterren arteko elkarlana erraza eta oparoa izan da. Halaxe azaldu digu Jokin Pinatxok: “Jonek lehen ideia bidali zidanetik niri abestia nahiko azkar atera zitzaidan. Konexioa azkarra izan zen eta oso gustura aritu naiz”.

Janus Lesterrek maiatzaren 6ean joko du zuzenean Erriola kanta estreinakoz Errenteria-Oreretako Agirre Lehendakaria plazan (Linon), gaueko 21:30ean, Kilometroak 2023ren egitarauko “12 orduz Erriolan” kultur maratoiari amaiera emateko. Zalantzarik gabe, Jokin Pinatxoren ahots bakan eta bereziak dantzan jarriko gaitu eta euskararen itsasora eramango gaitu, Errenteria-Oreretako errioan barrena.

Hirugarren aldiz egingo da Kilometroak jaia Errenteria-Oreretan Orereta Ikastolak Kilometroak jaia antolatzen duen hirugarren aldia izango da aurtengoa. Lehena 1984an izan zen; Julian Albisturrek idatzi zuen Kilometroak 84 kantuaren letra eta doinua sortzeaz Donato Larrañaga arduratu zen. 1999an ospatu zen jaia bigarrengoz Errenteria-Oreretan eta orduko hartan Antton Kazabon idazleak jarri zizkion hitzak Golden Apple Quartet-ek sortutako Bizi izeneko kantari.

ERRIOLA (Klikatu hemen abestia entzuteko)

Hitzak: Jon Maia. Musika: Janus Lester.

Zabaldu duzu bidea
fabrika ta etxe artean
iturburua, ideiak
aro berrien atean.

Zure zurrunbiloetan
gazia eta gozoa
gogorarazi diguzu
hor dagoela itsasoa.

Behera gora, nola nora
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!
Euskara marean gora!
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!

Ilargia da marea
mugi dezakeen bakarra
gu geu gara euskararen
ilargi bete bakarra.

Alde bat eta bestea
ezkerra eta eskubia
biak batera da euskara
ibaia eta zubia

Behera gora, nola nora
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!
Euskara marean gora!
erriola!
kilometroz kilometro
itsasora! erriora!

Zure urezko besoak
besarkatzen du herria
plaza, kaleak, auzoak
zaharra eta berria
Hortxe dago itsasoa
hurbila ala lausoa
hortxe dago itsasoa
euskaraz herri osoa!

 

 

 

 

erriola abestia kilometroak errenteria orereta ikastola euskara

Albisteak

2023-06-02
Oarso Bidasoako Hitzarekin elkarlanean 12 orrialdeko gehigarria argitaratu dugu Kilometroak 23 jaiaren inguruan. Erriolaren sorrera ez ezik, Orereta ikastolaren hastapenak kontatzen
2023-05-20
Urmuga Festibalak, mendia eta musika uztartzen dituen jaialdiak, eta Kilometroak Ikastolen festak antolatu dute egitaraua, hainbat eragilerekin elkarlanean: Urdaburu eta Girizia mendi taldeak, Albaola Itsas Kultur Faktoria
2023-05-20
Kilometroak 23-ko ekimenen artean, Adaxka Berriak izeneko proiektua dugu. Proiektu honen bidez, Ikastolako 2.