Infinitu Irribarra egitasmoa abian da

2022/15/03

Donostiako Tabakaleran aurkeztu da aurtengo Kilometroak jaiaren berrikuntzetako bat

Euskara eta Euskal Herriaren aldeko irribarreak biltzea da helburua, eta munduan zehar. Hauxe da, laburrean, aurtengo Kilometroak-eko erronketako bat. Donostiako Tabakaleran izan dugu gaur goizean honen berri. Julen eta Antton Telleria kazetariek gidatutako aurkezpenean, Ibarrako Uzturpe ikastolako lau lagunek egitasmoaren nondik norakoak argitu zituzten. «Irribarre bat erakutsiz ageri diren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatu nahi ditugu, milaka eta milaka irribarreen atlas moduko bat osatuz», zioen Uzturpeko irakaslea den Aitor Bengoak. Tolosar honen aburuz, Kilometroak jaiari atxikimendua emateko modu erraz bat da, «garai bateko jaia egunean biltzen zen jendetza horren bolumena eta indar erakustaldia birtualki erakusten duena». Beste alde batetik, helburu ekonomiko bat ere aipatu zuen Bengoak: argazki horien inguruan, publizitatea txertatuz eta bidalketa egiten den unean, borondatezko diru ekarpen bat eskatzen da.

Irribarra da, hain justu, aurtengo Kilometroak-en leloa. «Irribarrea tapatuta, estalita eta ia galarazita izan dugun garai hauetan, inoiz baino behar handiagoa dugu berau egiteko eta erakusteko», zioen Usue Sukiak, Uzturpe ikastolako zuzendariak. Bera bezalako 200 boluntario ari dira lanean iaztik Kilometroak burutu ahal izateko, baina pandemia biziki oztopatzen ari da haien lana. «Birusa kontrolatzeko neurriek hainbat egitasmo bota dituzte bazterrera, eta beste asko birplanteatu behar izan dira. Honek guztiak sekulako lan karga suposatu digu», aitortu zuen Sukiak. Zailtasunak zailtasun, pozik dagoela dio. «Kilometroak jaiaren berrikuntzetako honek hamaika irribarre bildu ditu. Atxikimendua helarazteko modu ederra bezain erraza da, edonork eta edonon egiteko modukoa».

Tabakaleran burututako aurkezpenean irribarreak nola zabaldu erakutsi zuten, baina prozesua erraza da oso.

Hemen klikatu eta bertan ematen diren pausuak betetzea baino ez da behar.

Infinitu irribarra