Kilometroak jaia 2021. Balorazioa

Submitted by eletankulturel… on Ig, 2021/03/10 - 14:13

Amaitu da aurtengo Kilometroak jaia, eta eguraldi petrala izan dugun arren, Gipuzkoako ikastolen jaia ospatzeko prestatuta genituen ekintza gehienak aurrera eramatea lortu dugu. ‘Goazen!’ ikuskizuna izan da bertan behera utzi behar izan dugun bakarra, baina hura beste egunen batean berreskuratzeko bideak aztertzen ari gara.

Pozik gaude egunak eman duenarekin, eta pozik gaude jendearen erantzunarekin. Egoera bereziaren ondorioz, aforo mugatua izan dute egun honetarako prestatuta genituen ekintzek, eta guztietan jende askok hartu dute parte.

Egunean bertan gure jaiak izan ohi duen dimentsiora iristeko aukerarik ez genuela izango aintzat hartuta, hilabete honetan zehar hainbat ekitaldi antolatu ditugu “Bat gea” izenarekin, bertsoa, musika eta dantza uztartu dituzten ekitaldiak. Gure jaiak euskarari eta euskal kulturari eskainitako bozgorailu eta plaza izaten jarrai dezan beste modu bat ireki dugu, eta gustura gaude emaitzarekin.

Eskerrak eman nahi dizkiegu gure jai handi hau prestatzen eta aurrera ateratzen aritu diren guzti guztiei. Auzolana eta elkarlana orain ere agerian geratu dira Goierrin. Eskerrak eman nahi dizkiegu, baita ere, Kilometroak jaira hurbildu diren guzti guztiei, haiei eskainiak baitziren gaurko programatuta genituen ekintzak.

Kilometroak aurrera ateratzeko Goierriko hiru ikastolen artean egindako elkarlanak gure hiru komunitateen arteko ezagutzan sakontzeko eta harremanak estutzeko balio izan digu eta bide polit bat erakutsi digu etorkizunean ere elkarrekin gauzak aurrera ateratzeko. Horixe da ikastola bezala Kilometro hauen antolakuntzak utzi digun altxor nagusia.

Zortea, adorea eta elkarlanerako grina opa diegu Ibarrako Uzturpe ikastolako komunitateko kide guztiei, haiei dagokielako datorren urteko Kilometroak jaia antolatzea. Arrakastatsua eta dituzten helburuak lortzeko modukoa izan dadila datorren urtekoa ere! Gure artean izan ditugu, gaur, ikastola horretako ordezkari batzuk, eta erakutsi diguten ilusioa eta lanerako gogoa seinale onak dira helburu horiek lortzeko.

Gaur Goierrin bezala, hamabost egun barru Lizarran izango dugu ikastolen jaiak ospatzeko hurrengo hitzordua. Nafarroa Oinezen ikusiko dugu elkar.

Beasain. Kilometroak 2021
Fitxategiak