Uzturpe ikastola

19 ikaslerekin hasi zen Ibarrako ikastola, Bittori Olaetxea irakasle zela, eliza alboko lokalean.

Urte batzuren ostean irakasle gehiago batu ziren: Rosarito, Patri, Maite… eta baita herriko haur gehiago ere. Frankismo testuinguruan, beste hezkuntza eredu batean sinesten zuten irakasleak ziren, euskara, euskal kultura eta herrigintza modu praktikoan, Euskal Herriko historian izan den mugimendu aipagarrienetako baten aktore.

Guraso ausartek bultzaturiko proiektua

“Gurasoak ere oso ausartak ziren”, komentatzen dute “andereñoek”, oraindik ere emozioz. Ez da gutxikorako, gurasoek beraien seme-alabak modu prekarioan zegoen hezkuntza eredu alternatibo eta berritzaile batera eramaten zituzten. Zerotik hasitako proiektua, amets bat haragiztatzeko utopia. Zozketak egiten zituzten dirua ateratzeko, herriko festetan txozna jartzen zuten, auzolanean gela berriak eraldatzen zituzten: Udalak materiala jartzen zuten eta herritarrek eskulana. Herri proiektu bat izan zen, guraso ez ziren herritarrek ere parte hartu zutena.

Ilusio bor-borka

Lehen urteetan ez zuten irakasleek kobratzen, diotenez, ez ziren oso konsziente ez zutela ezer, baina egin egin beharra zegoen, eta ilusioa borborka zutenez, aurrera atera zuten. Hala, gurasoek “tranpak” egiten zituzten delegaritzan ikastolako ikasgaiak justifikatzeko. Edota, gaur ikastola dagoen eraikineko gela batzuk okupatu behar izan zituzten. Eskola nazionalak zeuden bertan, baina gela asko hutsik. Bide horretan, hezkuntza delegaritzaren onespena ez bazuten ere, Udalak ez zien ezezkorik esan, eta herritarren legitimazioa zuten.

Berrikuntza dugu ipar-orratz

Metodologia berritzaileak praktikan jartzen zituzten, haurrek euskaraz hitz egiten zuten, utopia zirudien hura, errealitate bilakatzen ari zen.

1994 urtean autobus zerbitzua eta jangela jarri ziren: herriko hezkuntza bakarra zen, eta Ibarran hazi eta hezitzeak zuen garrantzia ikusita, ikastolak apustu egin zuen.

Txikitik inguruan eraginez

Bertako jantokia ere garrantzitsua izan da: batetik, gure ikasleei etxeko janaria eman nahi genielako, bertan prestatua. Bestetik, bertako jantokiak inguruan dituen eraginengatik: herriko komertzio eta inguruko baserrietan erosten ditugu lehengaiak, produktoreei zuzenean askotan, eta honek, zuzeneko eraginak ditu. Honenbestez, Kilometro 0 eta ekonomia zirkularra kontzeptuak, aspaldi ditugu praktikan Uzturpen.

Etengabe egon da mugimenduan: herriko hainbat ekimenetan parte hartzeaz gain, kultur asteak antolatzen ditugu, DBH eskaintzen hasi ginen, 1998an Kilometroak antolatu genuen Tolosa, Anoeta eta Irurarekin batera...

Ikastola bizi-bizia

Ibarrako funtsezko eragilea da ikastola, herri nortasunaren eta bizitzaren parte garrantzitsua. Ia 500 ikasle, 73 langile...

Bi urtekin hasi eta 16 urterainoko ibilbidea egiten dute ikasle askok Uzturpe Ikastolan. Etengabeko formakuntza eta berrikuntza ditu ardatz gaur egungo Ikastolak, ikasleak erdigunean jarrita.