Ikastola antolatzaileak

Andramendi, Jakintza eta San Benito ikastolak. Goierriko hiru Ikastolen izenean poza eta harrotasuna adierazi nahi dugu. Aurreneko Kilometro haietan bezala Goierrin ospatuko da jaia, Beasain,  Lazkao eta Ordiziako Ikastolaren eskutik. Ikastolentzat egun handia izan da urteetan zehar kilometroak jaia, ikastolen nortasunari helduz bere behar eta ilusioei  etorkizunerako behar den apurra martxan jartzeko bide ematen diolako.

Aurtengoa erakusten du nola ari den aldatzen gizartea. Kilometro guztiak ezberdinak dira, eta urtez urte berritzen dira.

Aurtengo Kilometroetan helburu handiena da Goierriko ikastolen arteko harremanak sendotzea, orain arte bezala, herriari begirako proiektu bat sustatzea. Eta bertan, gure ikasleak, langileak eta familiak  dagoeneko iritsi den aro berri honi erantzun partekatu bat eta indarrez betea ematea, mende hasieran ikastolak sortu zirenean bezala, eta Kilometroak lehenengo aldin antolatu zirenean bezala.

Izan genezake tentazioa pentsatzeko ez gaudela jaietarako, edo alderantziz, dena eman behar dugula, egoerarekin kokoteraino gaudelako. Baina egoerak baldintzatuko digu zer egin: aurtengo kilometroak xumea izango da, xumea forman… hasierako hura bezain ameslari eta anbiziosoa ordea funts eta helburuan. Lazkao-txikik erakutsi zigun, txikitasunetik ere handi izan daitekeela! Metroz metro egingo dugu bidea, kilometroak osatzeko.

Beasainen, 1977an lehenengo Kilometroak eta 2001ean “Garena garela”, 1993.ean Ordizian, “gure maratoia” eta 2003an Lazkaon “Euskrz 2zi ny dt” lelopean ospatu ziren. Eta berriro ere lekukoa iritsi zaigu, baina urte berezi honetan maratoian aurrera egingo dugu Goierriko hiru ikastolek batera, bagarela eta bat garela elkartasun osoz. Beraz, modu xume batean, gure esku dagoena egingo dugu unean egoerak uzten diguna kontuan hartuz eta ditugun baliabideei eutsiz.

Ibiliko ditugu berriz orduko hartan zapaldutako bideak eta amestuko dugu, guzti hau pasata, gure lehengo bizimodua iristen den egunarekin. Eta bidean zerbait ona izan bada, hori ere ikasita noski.

Gure umeei erakutsiko diegu pandemia bat izan zela ia dena hankaz gora jarri zuena, baina euskeraz erakutsiko diegu, ikastolen sorreran batzu batzuk amestu zuten gure seme-alaben etorkizuna euskaraz izango zela. Hura zaila izan zen, orain pandemia eta musuko gabeko bizimodu bat irudikatzea zaila egiten den bezala, baina orduan egin zuten eta orain egingo dugu, Batera, Bagara, Bat garelako.