Helburuak

Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara… leloak indar handia du ikastolen kolektiboa azpimarratzeko.

  • Ikastola guztiak aintzat

    Aurtengo Kilometroak ikastola jakin bati lotu gabe egoteak ikastola guztiak aintzat hartzeko bidea errazten du.
  • Aniztasuna eta batasuna

    Ikastolen aniztasuna eta batasuna, bi ezaugarri nagusi horiek azpimarratzeko bidea samurtzen du.
  • Ikastolak Herriari eta Bihar

    Bat egiten du Ikastolak Herriari filosofiarekin, eta bat egiten du BIHARekin ere, Herri 1, hamaika oinarri, 111 ikastola.

Urte osoan zehar eta egunean bertan antolatzen ditugun ekimen guztiek honako ildoak  izango dituzte ardatz:

Kilometroak 2021 jaiaren inguruan urte osoan zehar antolatuko ditugun ekimen guztietan eta jai handiaren egunean bertan ardatz izango dugun goiburu nagusia hau izango da: Herri bat gara, euskara gara, komunitate bat gara, Euskal Herri osorako hezkuntza proiektu bat gara…  Alegia, ikastolen kolektiboa azpimarratzeko erabiliko dugu. Horrela, bat egiten du gure hezkuntza komunitatearen aniztasun eta batasunarekin, eta bat egiten du, halaber, Ikastolak Herriari filosofiarekin, eta ikastolon BIHAR proposamenarekin ere: Herri 1, 11 oinarri, 111 ikastola.

Egungo egoerari erreparatuko dioten Kilometroak izatea nahi dugu. Baina egungo egoera zein da?

  • PANDEMIA

    Zaindu, maitatu, bizi!
  • EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA

    BIHAR endekalogoa, gaurtik da bihar.
  • EUSKARAREN ETA EUSKAL KULTURAREN BEHERALDIA

    Gure plaza(k) ugaritu euskal musikari, dantzari, arteari, antzerkiari, bertsolaritzari, literaturari…
  • INGURUMENA

    Bera gabe ez gara, naturarekin bat egin, bat izan…
  • ANIZTASUNA eta INKLUSIOA

    denok eta bakoitza.
  • PAREKIDETASUNA, HEZKIDETZA…

Elkartasuna lantzeko eta adierazteko garaiak bizitzen ari gara. Pandemia gure herriko bazter, sektore eta eremu guztiak astintzen ari da. Ez dago esan beharrik egoera honi aurre egiteko elkarren arteko laguntza, zaintza eta elkartasuna behar direla.

Baina egoera honetan badago sentsibilitate berezia sorrarazten digun errealitate bat: gure herria bezalako kultur eta hizkuntza minorizatuei modu berezian eragiten die pandemia egoera honek.

Gure kultura eta hizkuntza herriko plazak behar dituela konbentziturik, aurtengo Kilometroak jaiak euskara eta euskal kulturaren alde inbertsio berezia egiteko asmoa du.

Aldi berean, kultura eta hizkuntza erabiliz, adin ezberdinetako pertsonen arteko harremana eta zaintza sustatzeko ahalegina egingo dugu.

Kilometroak Goierrin jaio zen duela 43 urte eta dagoeneko herriaren kapital soziala bihurtu da. Kilometroak jaiak inoiz baino gehiago, euskara eta euskal kulturaren esparruak lantzen eta bultzatzen, herriaren alde inbertitzen jarraituko du.