Iraileko irteerak prest!

Gertu dugu Kilometroak eguna: hilabete besterik ez da falta egun handirako. Aurretik, urteko ekintzen baitan, Gure Zirkua etorriko da Urretxura, Ziklometroak proba ospatuko dugu (Zubiak Batuz triatloiko hirugarren proba) eta Urretxuko Euskal Jai egunean hartuko dugu parte. Denda ibiltariak ere bere azken irteerak egingo ditu Gipuzkoan barna.

Festak non, denda ibiltaria han! Halaxe ibili da urte osoan, hiri, herri, auzo...hamaika txokotan izan da. Eta bertan, arropa eta osagaiak erosi dituztenei esker, lau haizetara ari da zabaltzen zubiak batuz leloa! Azken txanpan ere hara eta hona ibiliko da karpa urdina.

Irailaren lehen egunean, larunbatean, Donostian izango gara hango nekazaritza ekologikoaren azokan eta Sagardo eguna ospatzen. Igandean, hilaren 2an, Legazpiko Artzain Egunean, Larraitzen, Arantzazun, Ernion eta Zarauzko dantzari txiki egunean aurkituko gaituzue.

Euskal Jaiak ugari izaten dira irailean, horien artean ezagunenetako bat dugu Ordiziakoa. Azoka berezia irailaren 5ean izango da, asteazkenean, eta han ere izango dira Kilometroetako produktuak eskura. Irailaren 8an, Errenteriako nekazaritza ekologikoaren azokan, Villabonako nekazaritza azokan eta Donostian egiten den Kontxako badiako igerialdian izango gara. Arantzazuko Amaren egunean, irailaren 9an, Zarauzko Euskal Jaian egongo gara, eta 11an Hondarribiko nekazaritza eta abeltzaintza azokan.

Oraindik ez duzula Kilometroetako arroparik? Adi orduan denda ibiltariaren ibilbideari! Eta, nahi zenuen hori topatzen ez baduzu, gogoratu Zumarragako Euskadi enparantzan denda iraunkorra dagoela. Eskuratu zure jantzia eta bete ditzagun urriaren 7an Urretxu-Zumarragako kaleak.