Zubietan barrena, ikuskizun borobila

Igandeko Kursaaleko ikuskizunari nota jarri beharko bagenio, bikaina litzateke hitz aproposa. Kanpoan aparteko eguraldia: zerua urdin, eguzkia epel eta kostaldeko haizea leun. Barruan, familia arteko giroa, goxoa eta beroa. Oholtza gainean, paregabeko artistak: musikari, abeslari, dantzari zein akrobatak elkarlanean, euren arteko zubiak batuz. Eta guztien arteko hariak lotuz, interpretazio lanetan maisua den aktorea, Joseba Apaolaza, aurkezle lanetan ere primeran moldatu zena.

Ez zen erronka makala herritik atera eta Donostian ikuskizun bat antolatzea. Baina merezi izan zuen eta, zalantzarik gabe, esperientzia ahaztezina izango da egitasmoa sustatu dutenentzat eta parte hartu duten guztientzat, baita ikusle izan zirenentzat ere.

Zubirik Zubi ikuskizunaren bidez, Urretxu-Zumarraga Ikastolak komunitate barruko zubiak ez ezik, beste hainbat eragilerekin zubiak batzeko aukera izan zuen. Izan ere, oholtza gainean ikastolako egungo ikasleak, ikasle ohiak, gurasoak eta langileak kultur arloko profesionalekin elkarlanenean ikusteko aukera izan genuen. Eta denek primerako erantzuna eman zuten, bertaratu zirenei euren ilusio eta prestutasunaren partaide eginez.

DBH1eko ikasleak Noraezean ikuskizunean erabat murgilduta ikustea hunkigarria izan zen benetan. Gorka Hermosak Urretxuren eta Zumarragaren arteko loturari buruz idatzitako ‘Bihotz bakarra’ abestiaren eszenaratzea ikusgarria izan zen, oilo ipurdia sortzerainokoa. Abesbatzako haurren ahots goxoek Euskadiko Orkestra Sinfonikoko Kaabestri Ensenble soka taldearen eta Gorkaren akordeoiaren doinu leunekin bat egin zuten, Irrintzi taldeko dantzarien interpretazio bikaina ahaztu gabe.

Aho bete hortz utzi gintuzten Jone Astorkiak eta Agurtzane Telleriak Kursaaleko sabaitik zintzilik eskainitako zinta ikuskizunarekin. Plazera izan zen Miriam Inzaren eta Ana Carmonaren emanaldia entzutea; zein ondo uztartzen dituzten euren ahotsak gitarrarekin eta saxofoiarekin.

Gorka Hermosak eta Kaabestri Ensenblek jotako Paco de Luciaren omenezko pieza maisuki dantzatu zuten Eneko Galdosek eta Oihane Vicentek. Eta zer esan Kirmen Uriberen eta Alaia Martinen olerki eta bertso solasaldiaz; goxoa, intimoa eta mezu garrantzitsuz betea.

Azkenik, urretxuarrontzat esanahi berezia duen Joxe Mari Iparragirreren ‘Zibilak esan naute’ Mikel Urdangarinen ahotsean entzutea ohorea izan zen.