Eñaut Elorrietak kontzertua eskainiko du maiatzaren 6an Urretxuko Tourseko San Martin elizan

Maiatzaren 6an derrigorrezko zita dugu Urretxuko Tourseko San Martin elizan: Eñaut Elorrieta musikari eta konpositorearen emanaldia izango dugu, Kilometroak 2018ren eskutik, arratsaldeko 19:00etan. Deserriko kantak diskoaren zuzeneko kontzertua eskainiko du gernikarrak eta Ikastolako abesbatzako haurrak izango ditu lagun kantaren batean.

Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 euroan, Urretxu-Zumarraga Ikastolan, Kilometroetako dendan eta honako tabernetan: Urretxuko Zona Zero eta Motz, Zumarragako Arkupe, Legazpiko Katilu, Beasaingo Plazape, Bergarako Pol Pol eta Oñatiko Txaketua eta Boga.

Urretxuko elizako akustika paregabeak lagunduta, bidaiatzera gonbidatuko gaitu Eñaut Elorrietak. Deserria, aberria, atzerria, bakardadea… emozio sakonei helduko die musikariak zuzeneko saioan. Horretarako, bereaz gain, hainbat idazle eta poetaren lumez baliatuko da: Joseba Sarrionandia, Joan Oliver, Mario Benedetti, Harkaitz Cano edota Bernardo Atxaga. Hitzak eta musika uztartuko dituen bidaia zoragarria.