Kilometroak ezberdina izango da 2020an

Aldaketa nabarmenak izango ditu laster Kilometroak jaiak, Gipuzkoako Ikastolek urrian antolatu ohi duten egun osoko jaiak. 2020. urtetik aurrera ezberdina izango da Kilometroak, eta jai eredu berri bati emango zaio hasiera. Hurrengo larunbatean, martxoak 17, eredu berri hori aurkeztuko dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, goizeko 11etan hasita, Kilometroak Kultur Erakundeak eta Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatutako ekitaldi batean.

41 urte pasa dira lehen Kilometroak jaia antolatu zenetik. 1977ko urriaren 16an ospatu zen lehen jai hura, Beasainen eta Lazkaon. Urte hauetan guztietan gizartea asko aldatu da eta Gipuzkoako Ikastolek jai eredua aldatu eta gaur egungo gizartera egokitzeko beharra ikusi dute.

2015eko irailean, aurreko urteetatik antzematen zen nahi bati erantzuten hasi ziren Ikastolak eta Kilometroak Kultur Erakundea. Eztabaida prozesu luze bat hasi zuten jaiaren historia aztertuz, non eta nola sortu zen eta zein bilakaera izan duen kontutan hartuz, eta gaur egungo egoeraren analisi sakona egin dute.

Prozesu horren ondoren, etorkizuneko Kilometroak jaia nolakoa izatea nahi duten azalduko diote Gipuzkoako eragile ezberdinei eta gizarteari orokorrean.

Aldaketa horiek 2020. urterako aurreikusten dira. Aurten, ordea, Urretxu-Zumarraga Ikastolak hartu du Kilometroak jaia antolatzeko ardura. Urriaren 7an izango da hori, baina aurretik, urte osoan, hainbat ekitaldi egiten ari dira Kilometroak girotzeko. Jai eredu berriaren aurkezpena ere urte osoko egitarau horren barnean sartzen da. Horregatik, Urretxu-Zumarraga Ikastola izango da martxoaren 17ko ekitaldira joango diren gonbidatu guztiei harrera egingo diena.