Mendi ibilbideak eta musika uztartzen dituen Urmuga festibalaren 6. eguna ospatu zen
Orereta ikastolak eta Urmugak egun berezia antolatu zuten uztailaren 19an, mendi ibilbideak eta musika uztartzen dituen Urmuga festibalaren 6. egunean. Goizean mendi ibilaldiak egin ziren Hendaia eta Irun lotzen dituen Santiago Zubitik eta Endarlatsatik Oiartzungo Gurutze auzoraino; arratsaldean, berriz, "Gure Añabitarte" kontzertua antolatu zen Orereta Ikastolaren Añabitarteko zelaietan, Ikastolak baserria eta lur horiek erosi zituela 50. urte bete direla ospatzeko.
Zubiak Eraikiz” ekimenak eta Urdaburu mendi taldeak antolatuta, Girizia mendi taldearen laguntzaz, bi mendi ibilaldi izan ziren: bata, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago Zubitik; bestea, Lesakako Endarlatsa auzotik. Oiartzungo Gurutze auzora iritsi ziren eguerdirako, eta bertako Beloaga gazteluan musika emanaldi berezi batez gozatu ahal izan zuten ibilaldian parte hartu zuten pertsonek. Xabier Berasaluze Leturia eta Iñaki Dieguez, bata panderoarekin eta bestea eskusoinuarekin, izan ziren jai giro hori sortzeaz arduratu zirenak.
Arratsaldean, Albaola Itsas Kultur Faktoriak antolatuta, patatxa ontzia San Pedrotik irten zen Albaolako bertako eta Hibaika Arraun Elkarteko kideek eramanda. Lekuona Fabrikaraino iritsi zen, eta 17:00etan errio gaineko kontzertua eskaini zuten Kilometroak ikastolen festaren omenez. Patatxatik bertatik egin zuten hori Arrabiten Zurdetan taldeko kideek, Arkaitz Miner musikariak eta bere taldekideek. 19:00etatik aurrera, Alaitz eta Maider, Alex Sardui, Janus Lester, Olaia Inziarte, Xutik, Aire Ahizpak, Et Incarnatus Orkestra eta Arkaitz Minerren musikaz gozatu ahal izan zuten famili, ikasle ohi, haur, gazte eta helduek. Ondoren, erromeria izan zen, Iratzar taldearen eskutik Baserriaren pareko zelaian. Bertan afaltzeko aukera ere izan zuten bertaratutako familia eta lagunek, dantza eta festa giroa nagusitu ziren Añabitarteko zelaietan.
Urmuga jaialdia, uztailaren 12tik 30era
Guztira, 20 musika emanaldi daude programatuta uztailaren 12tik 30era. Horiei, bidean modu inprobisatuan sor litezkeenak gehituko zaizkie. Era guztietakoak izango dira: intimoagoak, berritzaileagoak, herrikoiagoak eta erraldoiak ere bai. Euskal Herriko artista ezagunak, goi mailakoak, eskarmentudunak nahiz gazteak eta estilo ugaritakoak. Et Incarnatus Orkestrak egokitutako partiturekin, guztira kanta ezagunen 100 adaptazio berri baino gehiago taularatuko dira. Eskaintza berezia da, oso berezia: ohar honen amaieran duzue egitarau osoa. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, musika mendian jo, bizi eta entzuteak sortzen duen herri giroa eta giro artistikoa parekorik gabeko esperientzia dira. Gainera, Urmugak aukera ematen du Euskal Herriko lurralde guztietako bailarak, herriak, mendiak eta parajeak ezagutzeko. Urmugak azpimarratu du ekimenaren herri izaera: antolakuntzan talde, elkarte, norbanako, erakunde, artista, mendizale eta musikazale ugarik hartu dute parte, bolondresek, herri egileek eta ekintzaile askok eta askok, euskal geografia eta errealitate guztietakoak. Urmuga herri proiektu artistiko kolektiboa da, natura, herria eta musika batzen dituena. Euskal Herria josiko du, beste behin, Urmugak, Mendebaldetik Ekialdera, garena eta izaten ari garena izan nahi dugunarekin eta izango garenarekin lotuz.
