Hamabi orduko maratoia eragile eta herritarrekin
Agirre Lehendakariaren plaza Orereta Ikastolako hezkuntza komunitatearen parte diren, izan diren eta izango direnen topaleku izan zen pasa den larunbatean, baina baita ere sekula izan ez direnena.
Izan ere, hamabi orduko maratoia egin zuten plazan jarritako karpan. Estalpea azkenerako ez zen beharrezkoa izan, eguraldia lagun izan baitzen.
Sortzaileen izenez beteriko egitarau osoa ondu zuten antolatzaileek, eta bata bestearen atzetik, errioaren ertzean eta herriko ola/fabrika handienaren parean, hurbildu ziren guztiek urriaren 1eko festa handirako aperitibo oparoarekin gozatu ahal izan zuten. Euskara hauspotzea, komunitatea indartzea eta sortzaileei plaza ematea izan zen egunaren helburu hirukoitza.
Inguruan talentua badela erakutsi zuten egun osoan. Herriko eragileena nagusiki izan zen goiza, eta besteak beste, bertan izan ziren Lau Haizetarako kantu jira, Beti Presteko dantzariak, Herri Arte Eskolako ikasleak, Lur Korta ipuin kontalaria… Hola Zirkukoek talentua erakusteaz gain, akrobaziarako gaitasuna dutela berretsi zuten.
Ikastolako ikasleek osatutako musika taldeek, baita irakasleenak ere, egin zuten goiz eta arratsaldearen arteko zubi lana. Bitartean, likidoen txosnan zein solidoenean etengabe lanean aritu ziren, frijigailuarekin pazientzia izanez eta mimo handiz, egarri eta goseak berdintzeko asmoarekin.
Arratsaldean ere bai Erriola jarduera arragoa izan zen: dantza, magia, akrobazia, bertsoak, tailerrak, sevillanak…Ekitaldi maratoiaren azken herena elektronika doinuak izan zituen. Lawless Records eta Zilibito Recordsek beraien lana erakutsi zuten, eta Iker Rodriguez dj-ak musika pintxatu zuen oholtzatik, gorputzak astintzen jartzeko.
Azkeneko emanaldia izan zen ikusmin handiena piztu zuena: Janus Lesterren kontzertua. Taldeak jarri die musika Jon Maiaren hitzei, aurtengo Kilometroak jaialdiko soinu banda osatzeko.
Erriola abestia zuzenean jo zuten estreinako aldia izan zen larunbatekoa. Bezperan egin zen abestia publiko, eta batzuek azkar asko ikasi dutela argi geratu zen, eztarria ia urratu arte kantatu baitzuten.
Kilometroz kilometro itsasora, erriora! esaten du kantak, eta larunbatean orduz ordu edukiz bete zuten Erriola. Urriaren 1erako oraindik asko falta da, baina helmuga bezain ederra izan ohi da bidea.
Argazki gehiago hemen