Euroka kilometroko errioa osatzeko erronka jarri du martxan Kilometroak 23-k

2023/04/27

“Euskararen Errioa” ekimena urrira arte egongo da martxan. Online, Bizum bitartez edota modu fisikoan egin daitezke ekarpenak

Aurten Orereta Ikastola antolatzen ari den urte osoko Kilometroak 23 jaiaren baitan, “Euskararen Errioa” ekimena jarri da martxan: urrira bitartean, urriko lehen igandea iritsi artean, euroka kilometroko errioa osatzeko erronka, hain justu.

Kilometro batean euroko 50.000 txanpon sartzen dira. Erronka euroak biltzea da, ahalik eta errio luzeena egitea. Gero horiek euskararen sustapena helburu duten proiektuetara bideratuko dira.

Ekimenean parte hartzeko modu ezberdinak daude: modu fisikoan, online edo Bizum bitartez egin daiteke ekarpena. Modu fisikorako, propio dirubilketarako prestatuta dauden euskarriak sortu dira. Kilometroak dendan dagoen egurrezko errioa eta haren osagarri diren hodi gardenezko ibaiadar mugikorrak dira euskarri horiek. Azkenak batetik bestera ibiltzeko prestatuta daude eta berehalakoan aterako dira herriko kaleetara: apirilaren 29an, maiatzaren 1ean eta maiatzaren 6an; Sagardo Egunean, Dantzari Txiki egunean eta “12 orduz Erriolan” kultur maratoian, hurrenez hurren.

Bizum bitartezko ekarpenak donazioak dira. Nola egin? Aplikazioan sartu, “dirua bidali eta eskatu” aukera sakatu, ondorengo goiko menuan “eman” hautatu, bilatzailean “Kilometroak Kultur Elkartea” jarri, zenbatekoa zehaztu, sartutako datuak egiaztatu eta egin bidalketa. Online ekarpenak: www.kilometroak.eus/euskararen-errioa webgunean egin ahal izango dira apirilaren 27tik aurrera.

Herritarrak, erakundeak nahiz elkarteak ekimenean parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, erronkari elkarrekin ekiteko eta elkarrekin lortzeko ilusioa piztu. Tantaz tanta osatzen da errioa, marearen aurrera-atzerako balantzan, itsasorako bidean. Osa dezagun Euskararen Errioa ere modu berean, euroz euro, atzetik aurrera edo aurretik atzera, kilometroa osatu arte! Kiloeuro bat osa dezagun eurometroka!

Kilometroak 23: Euskal Herri osoa gogoan, urte osoko ekimena

Kilometroak 23 jaiak, urriko lehen igandean egingo den festaren aurretik, ekitaldi ugari eta gisa askotakoak izan ditu eta izango ditu. Euskal Herri osora begirakoak horietako hainbat; BERRIA egunkariarekin elkarlanean “Euskaldunon Egunkaria”-ren itxieraren 20. urtemuga oroitzeko antolatutako astea (otsailean) edota euskara batuari gorazarre egiteko Ikastolen Elkartearekin eta Euskaltzaindirekin batera gorpuztutako “Batasunaren Bidean” giza-katea (martxoan) dira horren adibide. Aurrerantzean ere izango dira gehiago.

Ikastolen aldeko hatsa, egiteko modua, urte osoan bizirik eutsiko duten ekitaldiak sustatu nahi dira urte osoko Kilometroak jaiaren baitan; esan bezala, Euskal Herri osora begirako ekitaldiei ere tokia eginda. Hori gogoan hartuta antolatu du Orereta Ikastolak 2023ko Kilometroak jaiaren urteko egitaraua, “Erriola” leloak zedarritutako bideetan, eta lanerako hiru zutoin nagusi hartuta: komunitatea, euskara eta errelatoaren bidez egindako eskertza. Bide hori jorratzera dator “Euskararen Errioa” ekimena ere.

Informazio gehiagorako kontaktuak:
Telefonoa: 601993200
komunikazioa@kilometroak.ikastola.eus

 

 

 

erriola kilometroak euskara orereta errenteria

Albisteak

2023-06-02
Oarso Bidasoako Hitzarekin elkarlanean 12 orrialdeko gehigarria argitaratu dugu Kilometroak 23 jaiaren inguruan. Erriolaren sorrera ez ezik, Orereta ikastolaren hastapenak kontatzen
2023-05-20
Urmuga Festibalak, mendia eta musika uztartzen dituen jaialdiak, eta Kilometroak Ikastolen festak antolatu dute egitaraua, hainbat eragilerekin elkarlanean: Urdaburu eta Girizia mendi taldeak, Albaola Itsas Kultur Faktoria
2023-05-20
Kilometroak 23-ko ekimenen artean, Adaxka Berriak izeneko proiektua dugu. Proiektu honen bidez, Ikastolako 2.