12 orduz Erriolan’ ekimena izango da datorren maiatzaren 6an. Parte hartzeko formularioa bete beharko dute euren proposamena bidali nahi duten eragileek
Kilometroak 23ren markoan, ‘12 orduz Erriolan’ ekimena izango da datorren maiatzaren 6an. 11:00etan hasi eta 23:00etara euskara ardatz izango duten arte diziplina diferenteetako emanaldiak programatuko dituzte Lehendakari Agirre plazan (Linon) sortuko diren hainbat espaziotan.
Antolatzaileek jakinarazi dute ekimen parte-hartzailea izango dela: “Herriko, eskualdeko eta bailarako sortzaileei oholtza bat eskaintzea da asmoa. Margolariek, dantzariek, musikariek, kontalariek, antzezleek, malabaristek… guztiek izango dute tokia”. Gainera, esan dute, diziplinetan ez ezik, artista zein publikoaren adinari dagokionean ere aniztasuna bilatu nahi dutela.
Parte hartzeko kilometroak.eus webguneko agenda atalean aurki daitekeen formularioa bete beharko dute euren proposamena bidali nahi duten eragileek (hemen). Horretarako epea apirilaren 21ean amaituko da. Ondoren, lantaldetik jarriko dira zuzenean harremanetan eragile horiekin.
‘12 orduz Erriolan’ ekimena Orereta Ikastolako komunitatea Kilometroak 23ren harira urte osoan zehar antolatzen ari den ekitaldietako bat da. Programazio oso urriaren 1ean ospatuko den jaiarekin bukatuko da.
