Goizean goiz eman zitzaion hasiera Orereta ikastolak Martxoaren 8ko egitasmo garrantzitsuenetako bati: MoreretaONi, hain zuzen ere.
Aurten, gainera, Kilometroakek herrira jaitsi zuen, ohituraz azkeneko urteetan Añabitarten egin den MoreretaON. Leloa ere egoerara egokitu dugu: “Errioan, marea morea”.
Hasiera goizeko 8:15ean eman zitzaion Ondartxon, errioaren arrimuan. Bertan gurekin izan genituen Maika Tameron Hibaikako kide eta ETE eta KAE Ligako presidentea, ikastolako Artezkaritzako ordezkari den Lide Gabarain, irakasleen ordezkari diren Olatz Mimendia eta Aitor Perez, eta ikasleen ordezkari diren Sua Echave eta Ekhi Oiarbide. Maikak moztu zuen zinta morea eta horrela eman zitzaion hasiera ofizialki MoreretaONi.
Segidan, lekukoa hartu zuten DBH1. eta 2. mailako 200 ikaslek baino gehiagok, hainbat irakasle eta tutore bidelagun zituztela. Ilusioz eta gogoz ekin zioten Matadero izenaz ezaguna den errioaren aileka horren inguruan berdintasunaren alde korri egiteari, hori baita MoreretaONek bere baitan biltzen duen helburua. Gelaz gela aritu ziren 9:45 bitarte; lekukoa eskuz esku ibili zen errioaren bueltan.
Segidan DBH3. eta 4. mailako ikasleek jaso zuten lekukoa, oraingoan errioaren beste aileka batean, Lino inguruan. 10:30ean eman zitzaion hasiera MoreretaONi, elkarkidetzan, DBH3 eta 4ko gazteek eta HH 4 eta 5 urteko haurrek, denak batera. Guztira 400 ikasle baino gehiago aritu ziren errioaren bueltan elkarri eskutik helduta. Denbora ere izan zuten elkarrekin Argitxoren irudiak margotzeko, jostatzeko…
Tarte horretan hainbat gonbidatu hurbildu ziren guregana: Asun Casasola, Udaleko ordezkariak, Urdaburu Mendizale Elkarteko ordezkariak, ikastolako zerbitzuetako lankideak eta Oiartzo ikastolako ikasle-ordezkariak eta lankideak. Denak batera aritu ginen errioaren bueltan Martxoaren 8ko aldarrikapenarekin bat egiten.
Zoritxarrez, eguraldia ez genuen alde izan eta iragarpen ezegonkorrengatik, LHko arratsaldeko saioa eta gurasoei eskainitako tartea bertan behera utzi behar izan genituen, pena handiz. Ziur gaude izango direla aukera gehiago Martxoaren 8a elkarrekin aldarrikatzeko.
Aurten ere MoreretaONek lortu du bere helburua: “Errioan, marea morea” izan da.
