Imanol Muruak "Egunero behar genuen" liburua aurkeztu du

2023/02/20

Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik 20 urte bete diren egunean

Lekuona Fabrikak Imanol Muruaren "Egunero behar genuen" liburuaren aurkezpena jaso zuen otsailaren 20an, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik 20 urte bete diren egunean. "Egunkariatik Berriara 20 urte" asteko lehen hitzordua izan zen. Aizpea Otaegi, Errenteriako alkateak, Xabier Oleaga, Egunkaria auzian atxilotutako kideak eta Orereta ikastolako kide ohiak eta Itziar Navarro Ikastolaren egungo lehendakariak hartu zuten hitza, Arantxa Iraolak, Berria-ko kazetariak gidatutako aurkezpenean.

Imanol Murua Uria kazetaria EHUko irakasle eta ikertzailea da gaur egun, eta ‘Egunero behar genuen’ liburua ondu du: ‘Euskaldunon Egunkaria’ itxi eta BERRIA argitaratzen hasi bitartean kaleratu zen egunkariaren historia. Itxiera eta hurrengo egunean ja kalean egotea lortu zen, eta erabakigarria izen zen hortik aurrerako bidearen noranzkoa finkatzeko. ‘Euskaldunon Egunkaria’-n kazetaria izan zen Murua Uria bera, ‘Egunero’-ren sortze prozesua eta bilakaera ere lehen lerroan jarraitu zituen, eta beraz lehen pertsonan ari da liburuko zenbait pasartetan. Ikerketa lan mardula ere bada, hala ere, egin duena: dokumentazio lanak, eta argitalpena atera ahal izateko lanean jardun zuten hainbat pertsonari egindako elkarrizketetan jasotako datuek eta oroitzapenek xehetasun asko eman dituzte. Argi eta doi jasota daude, oso ederki kontatuta. ‘Egunero’ hedabide bat baino gehiago izan zen, eta oso ondo jasota dago hori ere liburuan. Ororen gainetik, “itxiera bidegabe bati” emandako erantzuna izan zen. “Hedabide baten itxierari hedabide baten irekierarekin erantzun genion”, azaldu zuen liburuaren hitzaurrean Muria Uriak: “Katebegia izan zen, batez ere”.

 

erriola kilometroak euskara orereta errenteria egunkaria berria