Egun goibel eta hotzari goxotasuna ekarri zion iragan urtarrilaren 28an KMK Txikiak jaiak, Orereta Ikastolak aurten antolatuko duen Kilometroak jaiari hasiera eman zion hitzorduak.
Ikastolako komunitateari ez ezik herritar guztiei zuzendutako jaia larunbat arratsaldez egin zen, Oiartzun errioaren inguruko bazterrak topaleku jendetsu bilakatuta. Izan ere, hotzak ez zituen kikildu jaian parte hartzeko izena emandako 400etik gora haur eta gazteak, eta gogoz parte hartu zuten KMK Txikiak antolatutako ekintza ugarietan. Erriolak martxan jarri zituen herritarrak, herritarrek Erriola: errioaren inguruak hartuta, KMK Txiki handia josi zuten.
Euri tantek bustita hasi zen arratsaldea, herriaren eta errioaren bi gune ezberdinetan. Tokan jolastu, zankotan ibili, musika tresnak sortu, aurpegiak margotu... eta hotzari aurre egiteko txokolate beroa hartu zuten Gabierrotara hurbildu ziren haur eta gurasoek. Gernika plazan ere, euria ez zen oztopo izan bertan bildutako gazteentzat, eta multzoka antolatuta hainbat proba eta jokoz osatutako ginkanan aritu ziren. Ondoren, gorputza berdintzeko, askaria izan zuten. Behin indarrak berreskuratuta, herriko bi guneetan ibilitakoak erriora hurbildu ziren, eta Lekuona eraikinaren parean ibaiaren bi bazterrak betez, errioa argiztatu zuten. Une berezia izan zen, Hibaikako arraunlariaren laguntzarekin errioan gora Ama Euskara etorri baitzen, ertzetako argiei uretatik ere argia gehituz.
Une hunkigarriaren ondoren, festari amaiera eman zioten Linon, jai giroan. Ikastolako bi ikaslek hitza hartu zuten, KMK Txikiaren zergatia azaltzeko eta aurtengo Kilometroaki ongi etorria egiteko. Jarraian, DBH4ko zenbait ikaslek musika jarri eta zezen suzkoa iritsi arte dantzan eta jan-edanean uxatu zuten hotz oro bertan bildutako haur, gazte, heldu eta adineko guztiek. Zezen suzkoaren txinpartek jaia are gehiago berotuta, bertaratuek kalejira jendetsuekin esan zioten agur KMK Txikiaren jaiari. Jaia luzatzeko gogoa sumatzen zen, baina indarrak gorde beharra dago, urteak ekarriko duena ez da makala izango eta!
