Larunbat arratsaldean egingo da, haurrentzako gune bat eta gazteentzako beste bat izango dira, jolas eta jokoekin. Ondoren, errioa argiztatuko da eta mokadu bat jateko aukera egongo da musikaz lagunduta. Zezen-suzkoa ere izango da.
Iritsi da 2023a, Orereta Ikastolak Kilometroak antolatuko duen urtea. Ohiko ezaugarriak
aldatuta, egun bakarreko jaia izateari utzi dio Kilometroak-ek, eta urriko hitzordu nagusiaz gain,
urte osoan zehar ospatuko da hainbat ekimen eta ekitaldi antolatuta. Hala, Kilometroak Txikia
jaia eginda, aurtengo bide oparoari hasiera emango dio 2023ko Kilometroak-ek.
Errenteria-Oreretan egingo da aurtengo Kilometroak, eta, hain zuzen, herritarrei begirako
ekitaldia izango da KMK Txikia. Urtarrilaren 28an egingo da, larunbat arratsaldez, eta Erriola
aurtengo jaiaren leloari jarraikiz, Oiartzun errioa izango du ardatz eta jokaleku. Herriari izana eta
aurtengo Kilometroei izena eman dien errio bazterrean egingo diren ekitaldiekin, ikastolako
komunitatea ez ezik, herritar guztiak batuko ditu KMK Txikiak jaiak, urtean zehar Kilometroak-ek
eskainiko duenaren atari.
Jaia urtarrilaren 28an izango da, arratsaldez, 16:30etik 20:30era, eta bi tartetan bereiziko da,
betiere Oiartzun ibaia ardatz hartuta. Hasieran, 16:30etik 18:30era, adinaren arabera
antolatutako bi gune izango dira.
Gabierrotako Evaristo Bozas parkea umeentzako gunea
izango da, HH eta LH4 bitartekoei eskainia. Jolasak eta tailerrak izango dituzte, baita
txokolatada ere. Euria eginez gero edo eguraldia lagun ez bada, Gaztañoko pilotalekura
lekualdatuko da gunea.
Bigarren gunea Gernika parkean egongo da, eta gaztetxoei eskainiko zaie, LH5 eta DBH
bitarteko ikasleei. Bertan parte hartzen dutenek ginkana izango dute, baita merienda ere.
Eguraldiak ahalbidetzen ez badu, Koldo Mitxelenako estalpean jarriko dute Gaztetxoen gunea.
Guneetako jolas eta jokoen ostean, 18:30ean bi guneetan ibilitakoek erriora joko dute musikaz
lagunduta, eta 19:00etan, Panierreko eta Lekuonako zubien arteko ibaiertzak betez, errioa
argiztatuko dute.
Azkenik, errioa argiztatu ostean, Lino parkean emango zaio amaiera jaiari, 19:30etik 20:30era
bitartean egingo den festatxoarekin. Jan-edanak izango dira bertaratzen direnentzat, ikastolako
ikasleek ipinitako musika lagun dela. Zeliakoentzako eta begetarianoentzako moduko jakiak
eskainiko dira. Jaia ixteko, zezen suzkoa ibiliko da Linoko plazan, haur eta helduen gozagarri.
Urte osoan antolatuko diren ekitaldietan lehena izango da KMK Txikia, 2023an jaia aterpetuko
duen herriari eskainia. Heldu, gazte nahiz haur, herritar guztiak daude gonbidatuak jaira, bai
arratsalde hasieran antolatuko diren jolas eta jokoetara, baita errioa argiztatuko duen ekitaldi
berezira ere, Linon egingo den festa ahaztu gabe.
