Kilometroak «egun handiaren» xehetasunak eta deialdiak aurkeztu dituzte

2022/09/28

Josu Ozaita Kilometroak 2022ko koordinatzailearen arabera, urriaren 2an, Ibarran lau gune egongo dira, baina ez dira «tematikoki» edo «adinaren arabera» antolatuko.

eguna

Gipuzkoako ikastolen festa Ibarran gauzatzen ari da. Usue Sukia Zurutuzak hori azpimarratu nahi izan du, «ari da» hori. Izan ere, Kilometroak urteko zuzendarietako batek, urte osoko kontua izaten ari dela zehaztu du. «Euskara gure landarerik kuttunena bada, Kilometroak dugu bere ongarri sendoa», gaineratu du Sukiak.

Urriaren 2an eta urte osoko ekimenetan ateratako diruarekin zer egingo duten ere esan du zuzendariak: «Tamalez, egungo ikastolako patioa ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposena, eta arriskutsua ere bada, zenbait puntutan. Kilometroak emango duen dirua hura egokitzeko erabili nahi da. Uzturpe ikastolak kanpo espazio berri batekin amesten duela esan liteke. Ametsa noiz beteko zain gaude denok».

«Eredu berria»

Jaiaren eredu berriaz Nekane Artola Labordeta Gipuzkoako ikastolen ordezkariak eta Aitor Bengoa Ansa Kilometroak urteko beste zuzendariak hitz egin dute. Artolaren esanetan, duela 3 urteko ideia hura gauzatzen ari da pixkanaka-pixkanaka, eta orain bai, «hasi gara jaia eraldatzen». Hala eta guztiz ere, «eredu berriaren hastapenean» daudela gogoratu du: «aldaketa progresiboa izango da, urtez urte doitzen joango dena».

Aitor Bengoa Ansaren esanetan, aurtengo aldaketa nagusietako bat, «kultura kontsumitzeaz gain, hura esperimentatzea, bizitzea, parte hartzea» izan da, eta horretan saiatu dira urte osoko ekitaldietan: «Guk, aurten, artea, gastronomia, kultur-artekotasuna, aniztasuna, ikasleen topaketak, kirolean...jarri dugu fokoa urtean zehar burutu diren hamaika ekitalditan. Hori gutxi ez, eta munduan zehar, Internet bidez, zabaldu den ekimena ere jarri dugu abian».

Lau alor

  • Sormena

Kilometroak egunean, euskal eskultoreen elkartearekin batera antolaturiko Irribartea eskultura erakusketa izango da. Euskal Herriko 42 eskultorek parte hartu dute, eta horrekin, «euskal kulturaren barruan garrantzia eman nahi diogu sormenari ere», esan du Josu Ozaitak. «Kilometroak egunean beren lanak ikusi ez ezik, norberak berea egiteko aukera izango du hainbat eskulan tailerretan. Tailerra da, hain justu, hitz gakoetako bat. Bertsoak entzuteko parada izango da, bai eta hauek botatzeko ere, tailer batean. Beste adibide bat: zergatik konformatu zirkua ikuste hutsarekin? Ez al da hobe hau egiten ikastea? Eta dantza ala artisautza? Bakarrizketa bat, akaso? Kultura kontsumitzeaz gain, esperimentatu beharra dago. Ez gara errepikatzeaz nekatuko».

  • Haurren Hiria

Francesco Tonucci adituak proposaturiko Haurren hiria filosofiari eutsi diotela esan du Ozaitak: «Haurrak erdigunean jarri nahi ditugu. Honela, Haurren hiria eta baso magikoa prestatu ditugu. Baso majikoan ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura izango dira protagonistak. Bidean pertsonaia berezi batzuekin egingo dugu topo eta Ipuinenearen kokapena aurkitzen lagunduko digute eta bertan ipuin kontalaria egongo da. Horrez gain, basoan jolaserako elementu ezberdinak ere topatuko dituzue, oreka, tirolina eta mota guztietako ekintzak egin ahal izateko».

Baso magikoan sartzeko izena eman behar da, kilometroak.eus orrian; egunean bertan ere aukera izango da.

Horrez gain, Kilometroak 2022ko koordinatzailearen esanetan, Gipuzkoako 20 ikastolen arteko jolas-joko topaketa egingo dute, eta bertan ia 300 gaztek parte hartuko dute. «Abilezi ezberdinak, jarduera fisikoa, asmakizunak, ... oso anitzak dira aurre egin beharko dituzten probak. Eguerdian, elkar ezagutza sustatzeko, goizean zehar gazteak beraiek kozinatutako jakiekin bazkaria eta kontzertu txikia izango dute».

Irene Caminos tolosarrak ere bere ekarpena egingo du urriaren 2an, bizikletarekin erakustaldia eskainiko baitu ikastolan, 12:00etan.

  • Euskal musikaren ibilbidea

Josu Ozaitaren esanetan musika ere izango da Kilometroak egunean. Besteak beste, Bizienea deitu dien txokoa prestatuko dute: «Eskenatoki txiki bat da, bakarlari, trikitilari edo dj-entzat. Jotzen hasi nahi dutenentzat plaza bat eskaini nahi diegu 15 minutuko emanalditan».

Horrez gain, egun osoan zehar musika egongo dela azpimarratu du Ozaitak: «Aurten jendea mugitzea nahi dugu, ez dugu gune espezifiko bat prestatu musikarentzat, baizik eta gune batean kontzertua izango da, hurrengoa beste gune batean... Kilometroak dinamikoa bilatu dugu. Xsakara, Batumore, munduko irribarrak dantza, itsas lapurrak dantza, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina, Goazen eta azkenik, Dupla izango dira Kilometroak jaian».

  • Gastronomia

Ibarra baratza herria dela esan du Kilometroetako koordinatzaileak, eta ikastolaren zero kilometro filosofia ere gogoratu du. Horri lotuta, ondorengo xehetasunak eskaini ditu: «Irribarra entsalada berezia eskainiko dugu, oilasko eta txekor pintxoekin batera, Eusko Label gunean. Herri jantokian, 800 lagunentzat paella eta Lumagorri oilaskoa prestatuko dugu». Txartelak online erosi daitezke kilometroak.eus orrian.

Ibarrako plaza, aldiz, Pipar gunea izango da. Piparra formatu desberdinetan eskainiko dute bertan. Bokata, talo eta saltxitxa postuak gune desberdinetan jarriko dituzte, parrillekin batera, Lumagorri hegatsak, hegaluze burger txikiak eta sardinak eskainiz.

Gastronomiarekin amaitzeko, 70 lagunentzat Kantu Bazkaria antolatu dutela esan du Kilometroak 2022ko koordinatzaileak. Izena, Kilometroak.eus orrian eman behar dela ere gogoratu du. 

Berrikuntza

Beste berrikuntza bat, goizeko hitzaldiak izango direla esan du Josu Ozaitak. Jakoba Errekondo eta Javi Rivero; Gorka Egia eta Nerea Mendizabal izango dira hizlariak, eta guztiak 10:45ean hasiko dira. Izena aurrez ematea eskatu dute antolatzaileek kilometroak.eus orrian. Aurrenekoak, ikastolako kafe gunean egongo dira, Baratzetik gastronomiara: iraultza baterako gakoak izeneko hitzaldia eskainiz. Ekologista naiz, baina... hitzaldi parte-hartzailea eskainiko du Egiak. Azkenik, Mendizabalek Familia gatazka eta estresaren aurkako pilulak gaia jorratuko du.

Piparraren ibilbidea eta 'Txoria txori' abestia

Asteburu honetara aurreratu dute Piparraren ibilbidea, izan ere, Ozaitak azaldu duenez, urriaren 2an talde «oso murriztuetan» egingo da.Txoriak txori abestiari dagokionez, urriaren 2an, 12:00etan, gune guztietan ekitaldi guztiak etengo dira,Txoriak txori abesteko. «Euskal Herriko milaka ahotsen abesbatza izango da», esan du Aitor Bengoa Ansak. «Jendearen memorian denboran iraungo duen» Kilometroak izatea nahi du Bengoak, eta «jaiari aske eta gogoz eustea» eskatu du zuzendariak.

 

Iturria: ataria.eus

Albisteak

2022-11-04
Iola zahar batean abiatzen den ipuina kontatu dute ikasleek, errioan gora eta behera dabilen txalupa batean oinarrituta, herriko zubietatik igaroz, eta egun, Orereta ikastolako egoitzak bilakatu diren, baina garaian herrik
2022-11-04
Ibarrako irribarra eta piparren gustua oraindik ahoan dugula iritsi da Orereta Ikastolara txanda; urtebetez Kilometroak ekimenari heltzeko garaia.
2022-10-27
Eta hasi gara. Kilometroak-eko urte osorako ekintza eta ekimen sorta elkarrekin pentsatu eta irudikatzeko saioa egin dugu, jada batzordeetan izena eman duten hainbat eta hainbat ikastolakiderekin eta herri