Herrien eta herritarren burujabetzaren aldarria egin da Milimetroak jaian

2022/29/04

Goizean, Oarsoaldeko hiru ikastoletako eta Ibarrako Uzturpe Ikastolako ikasleen topaketa artistikoa izan da; arratsaldean, berriz, herriko hainbat musikarik, dantzarik eta Orereta Ikastolako ikasleek ikuskizuna eskaini dute.

Goizeko 9:30ean, Orereta, Haurtzaro eta Uzturpe ikastolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko DBHko 3 eta 4. mailako 100 ikasle elkartu dira Orereta/Errenterian, lehenengo Milimetroei hasiera emateko.

Elkar ezagutuz gosaldu ostean, buru-belarri lanean jarri dira artista gazteak lau taldetan banatuta. Picassoren Gernika arte-lanaren erreplika berritzailea egin dute denen artean, Gernika bonbardatu zutela 85 urte betetzen diren egunean. Eguzkiak eta giro ederrak lagunduta lau artelan egin dituzte.

Bakearen aldeko milimetro txiki bat egin dute gazteek historian izandako gerrez eta egungoak aipatuz. Hainbat margotzen ari ziren bitartean, beste batzuek esaldiak sortu dituzte gerraren inguruan: “Gerra hilketa masiboa baino ez da. Hilketa ez da aurrerapena”, “Atzo Gernika, gaur Ukraina…”, “Dirudunak gerra eragiten duten bitartean herritarrak dira sufritzen dutenak”, etab.

Hitzartuta zegoen bezala, eguerdiko 13:00etarako ikasleek bukatuta zituzten euren erreplikak. Lau lanak herriko Jaurtakolen zintzilikatu dira, plazari goxotasuna eta edertasuna emanez.

Arte ikuskizunarekin jarraituz eta goizeko jarduna borobiltzeko, Mikel Urdangarinek hainbat abesti jo ditu, azkena Andoitz trikitilariarekin.

Arratsaldeko ekitaldi nagusia

19:00etako kanpaiak jo eta minutu gutxitara, hasi da arratsaldeko saioa. Goizeko jarduna bukatu den bezala, arteaz gozatuz hasi dute bertaratuek ikuskizuna: Haritzaren itzala jazz zazpikoteak bere erakustaldia egin du. Ondoren, txalapartariek, Mikel Urdangarinek eta Andoitz trikitilariak, Errenteriako Herri Arte Eskolako dantzariek, ikastolako ikasleek eta Kukai dantza-taldeak parte hartu dute.

Bukatzeko, Itziar Navarro Orereta Ikastolako lehendakariak hartu du hitza. Milimetroak jai honetan, eta Gernikako bonbardaketaren urteurrenean, herrien eta herritarren burujabetzaren aldarria egin nahi izan dugula adierazi du Navarrok. “Sinesten dugulako herri eta herritar bakoitzak bere erabakiak hartu eta bere etorkizuna marrazteko aukera eduki behar duela, Gernika kantetan Nemesio Etxanizek esaten zuen bezala -askatasunean eta bakean- bizitzeko” gehitu du Navarrok.

Lehenengo Milimetroak jaian parte hartu duten guztiei eta Udalari eskerrak emanez agurtu du saioa Orereta Ikastolako lehendakariak.

milimetroak