Abian da Kilometroak eredu berria

2022/07/04

Festa erraldoi eta bakarra atzean utzi, eta saretzean zein auzolanean jarri du azpimarra 2022ko Kilometroak ekimenak. Milimetroak da horren adibiderik garbiena. “Jai parte hartzaileagoa egitea eta egun batetik, urte osora salto egitea” dira Milimetroen helburu nagusia, esan du Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak.

Tolosaldea eta Oarsoaldean ospatuko diren Milimetroak ekimena aurkeztu dute gaur, Euskal Herriko Ikastolen Etxean. Bertan izan dira Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko kidea, Orereta ikastolako Anartz Muxika, Villabonako Zubimusu ikastolako Nerea Zumeaga eta Ibarrako Uzturpe ikastolako Usue Sukia, Tolosako Laskorain ikastolako, Tolosako Inmakulada ikastolako, Anoeta eta Irurako ikastoletako, eta Haurtzaro eta Pasaia-Lezo Lizeoko ordezkariekin batera.

Nekane Artola izan da hitza hartzen lehena, eta esan du 2022ko Kilometroen antolaketa Ibarrako Uzturpe ikastolak hartu duela, “egitarau oparoa izango du urtean zehar eta urriaren 2an ospatuko dugun azken festarekin emango diogu ekitaldiari amaiera”.

Kilometroak jaiak eredu berri batean sinesten duela esan du eta bide horretan kokatzen dutela Milimetroak. Gogoratu du duela bi urte zirela hastekoak eredu berriarekin, Zubimusu ikastolarekin batera. “Baina azken bi urteotako egoerak zaildu egin ditu asmo horiek eta ezin izan dugu eredu berriaren garapena nahiko genukeen moduan gauzatu. Hala ere, egin diogu keinu bat azken bi ekitaldietan”. 2022ko Kilometroek emango dute beraz, eredu berrian sakontzeko aukera.

Zer da Milimetroak?
Eredu berri horretan kokatzen da Milimetroak, eta Oarsoaldean eta Tolosaldea egingo dira; apirilaren 26an eta maiatzaren 20an, hurrenez hurren. Eredu berriaren ezaugarrien artean ondorengoak aipatu ditu Artolak: “Jai parte hartzaileagoa egitea; ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena. Era berean, ikastolek berezko duten kultur sorkuntzari plazak eskainiko dizkie, besteak beste”.

Milimetroak, esan bezala, eskualdeka antolatuko dira eta aurten Oarsoaldearen eta Tolosaldearen txanda izango da. “Datozen urteetan eskualde gehiagoetara heltzea da gure asmoa, pixkanaka Gipuzkoako ikastolen ekarpen hau lurralde osora zabaldu dadin”.

Ekimenaren helburua da hainbat ekintzaren bitartez ikastola desberdinen komunitateak harremanetan jartzea, horien parte hartze erreala sustatzea eta euskarari espazio berriak eskaintzea kultur adierazpide desberdinen bidez, ahalik eta modu ludikoenean.

Kilometroak 2022ko erronkak
Aurten Ibarrako Uzturpe ikastolak du Kilometroak antolatzeko ardura Irribarra lelopean, eta bertako zuzendariak, Usue Sukiak, ekimenak ikastolako ildo eta balioekin bat egiten duela gogoratu du. “Hiru erronka edo helburu ditugu aurrean. Eredu berriarekin jarraituz urte osoko plangintza zabala egin eta eguna bera birdiseinatzea; bertakoa zaintzea, erakustea eta balioan jartzea; eta harreman horien sendotzen bideak kulturartekotasuna azpimarratu eta balioan jartzea, Ibarran bertan ditugun hainbat jatorritako familien kultura, ohitura eta bizipenak ezagutuz eta partekatuz”. Nola ez, euskara eta euskal kultura balioan jarri eta plaza bat eskaintzen jarraitu nahi dutela gaineratu du Sukiak, “Euskal Herrian eta munduak euskararen alde Irribarra eginaz”.

Tolosaldeko Milimetroak gai honen inguruan egingo dute: naziotasuna aurrez-aurreko elkar ezagutzaren bidetik. Gaia hori izanda eskualdeko ikasleen arteko harremana eta elkar ezagutza sustatuko dituzte eta keinu egingo diote Euskal Herrian antolatzen diren ikastolen aldeko beste lau jaiei (Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Herri Urrats). LH6 ikasleen arteko topaketak egingo dituzte online eta eskualdeko ikastolen kasuan aurrez aurre, Ibarran bertan. Ibarrako ikastolako ikasleek anfitrioi lanak egingo dituzte eta Uzturpe ikastolak abiarazitako Infinitu Irribarra ekimena baliatuko dute horretarako.

Oarsoaldeko Milimetroak
Oreretako ikastolako Anartz Muxikak eskualdeko Milimetroak apirilaren 26an ospatuko dutela esan du eta herritarren eta herrien burujabetza da aukeratu duten gaia, eta kasu honetan DBH 4ko ikasleen arteko topaketa bultzatuko dute. Oarsoaldeko Haurtzaro, Pasaia-Lezo eta Orereta Ikastolak izango dute hitzordua antolatzeko ardura. Apirilaren 26an beteko da Gernikaren bonbardaketaren 85. urteurrena eta data baliatu nahi izan dute. “Egun esanguratsua da Euskal Herriko historian. Mundo osoan ezaguna, herritarren kontrako aurreneko aire erasoa delako eta Picassoren artelanak egindako ekarpenarengatik”, esan du Muxikak. Hori dela eta, “egun munduko hainbat bazterretan gertatzen ari diren erasoaldi guztien kontzientzia hartzeko diseinatu dugu apirilaren 26ko ekimena”.

Goizean lau ikastoletako 100 ikaslek Picassoren Gernika obraren bertsio koloretsua margotuko dute. “Obra bera lau zatitan banatu eta mundua bakarra izanik, zuri-beltz, txiro-aberats, ipar-hego, ekialde-mendebalde, arrakala guztien metafora da Picassoren obra bera lau zatitan banatu izana”. Oreretako plazan jarriko dute emaitza. “Mundu hobeagoa nahi dugu eta posible dela, gerrari ez eta burujabetza da herritar orok nahi duguna” dira helarazi nahi dituzten mezuetako batzuk, ikastolako zuzendariaren hitzetan.

Egitarauak:

Oarsoaldeko Milimetroak
Apirilak 26

  • 09:30: Harrera Agirre Lehendakariaren plazan.
  • 10:00: Margoketa tailerraren hasiera.
  • 12:30: Ekitaldi nagusia Jaurtakol plazan Mikel Urdangarin eta Haritzaren Itzala taldearekin.
  • 14:30: Goizeko ekimenaren bukaera.
  • 19:00: Dantza eta musika emanaldia herriko plazan Kukai dantza taldearekin, Haritzaren Itzala herriko jazz taldearekin, Mikel Urdangarin abeslariarekin, Andoitz Antzizar trikitilariarekin. Era berean, Oreretako ikastolako 27 ikaslek musika eta antzerkiaren bidez, antzerkiaren salaketa eta elkartasunaren aldarria egingo dute.

Tolosaldeko Milimetroak
Maiatzak 20

  • 10:00: Harrera eta gosaria.
  • 11:00: Altxorraren bila ibilbide kulturala, talde txikitan banatuta.
  • 13:00: bazkaria.
  • 15:00: Ikastola bakoitzak sortutako ikuskizunaren emanaldia.
  • 17:00: Agurra
Abian da Kilometroak eredu berria