Kilometroak txikia, herri zabalean irribarretsu

2022/08/03

Bertsoak, umeentzako jolasak eta batez ere, irribarreak izan ziren protagonistak Ibarrako kaleetan martxoaren 5ean. Kilometroak txikia Ibarrako Uzturpe ikastolan abiatu zen: goizeko 10:30tan, herriko sokatira taldeak Gipuzkoako ikastolen aurtengo jaialdiaren pankarta zintzilikatu zuen ikastolako fatxada nagusian; jarraian, herrirantz abiatu eta bost guneetan sakabanatu zen ume eta gazte andana. Helburua zera zuten: aurtengo Kilometroak-en leloa Irribarra izaki, beronen hizkiak askatu behar zituzten hainbat erronken bidez. 13:00tan, bost guneetan zegoen jendea plazarantz jo eta bertan atera zuten taldeko argazkia.

“Ehunka boluntarioen laguntzaz baino ezin dira burutu honako hau eta ikasturtean zehar gauzatzen ari direnak”, zioen DBHko irakasle Nagore Leonek, herriko plazatik. Eta ez da, inondik ere, erronka makala. “Pandemiak oztopo asko jarri dizkigu eta hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan ditugu. Egutegia ixtea ez da erraza izaten ari, baina buru-belarri ari gara denok lanean”, azpimarratu zuen Leonek. Herriko plazatik ere, KMK-ko koordinatzailea den Josu Ozaitak “kalera ateratzeko irrikan” zeudela aitortu zuen. Egia da orain arte ezin izan dugula kalera nahi beste atera. Gaurko festa txikiarekin, baina, irribarreak sortzen jarraitzeko eta girotzen joateko aukera izan dugu.

Ohi bezala, Gipuzkoako ikastolen jaialdi nagusia urriaren lehendabiziko asteburuan burutuko da eta makina bat dira ordurarte programatutako kultur eta aisialdi ekintzak. Erne egotea ezinbestekoa izango da.

Argazki bilduma

Kmk txikia