Irribarrak Libiatik

2022/22/02

Dakizuenez, Infinitu Irribarra egitasmoa abian da. Euskararen aldeko irribarreak bildu nahi ditugu mundu osoan zehar eta atentzioa eman digu haietako batzuk Libiatik iristeak. Mapari erreparatzekotan, hainbat irribarre ikus daitezke Zuwara izeneko hiri batean. Bitxia, ez da? Bada, erraza da azaltzen: amazighak dira bertakoak, berbereak ere deiturikoak. Beren hizkuntza 40 urtez debekatuta egon ondoren (Gadafik ez zituen amazighak maite…), berau berreskuratzeari ekin zioten 2011an, ia erlojupean. Honela, sortu ziren Libiako amazigerazko lehen eskolak, lehen liburuak, lehen irakasleak… Prozesua ezaguna egiten zaigu oso, geuk ere hamarkada luzeetako mozala pairatu baikenuen. Duela bost urte ibartar eta zuwaratarren arteko lotura sortu genuen. Azoka bat prestatu zuten gure ikasleek: lepokoak, apaingarriak, postre eta pintxo zoragarriak... hori dena jarri zuten Ibarrako plazan; bildutako dirua Zuwara bidali eta fotokopiagailu bat erosi zuten bertako amazigh eskolan (hemen dituzue xehetasunak). Keinua bueltan datorkigu oraingoan: irribarre sorta eder bat.

Argazkia