Errege egunez hasiko dira Urtarrileko irteerak

Urtarrilean ere Kilometroak 2018ko arropen eta Gure Zozketako txartelen salmenta Gipuzkoako zenbait herritan egingo dute Urretxu-Zumarraga Ikastolako kideek.

Larunbat honetan, hilak 6, Deban izango da denda ibiltaria. Urteko lehen larunbatean ospatu ohi dute bertan Urte Berriko Feria, eta aurten Errege egunarekin bat egingo du azokak. Igandean, berriz, Lazkaoko Astotxo Egunaz gozatzera doazen herritarrei eskainiko dizkiete Kilometroetako arropak. Egun horretan Gure Zozketako txartelak ere salduko dira.

Oraingoz denda ibiltariak beste lau irteera ditu aurre ikusita hilabete honetarako. Urtarrilaren 13an Hernanin egongo dira, Txotx denboraldiaren irekiera eguna ospatuko baita, eta hilaren 17an Getarian. Urtero bezala, San Anton jaien barruan, txakolinaren uzta berriaren aurkezpena eta dastaketa egingo da.

Hilaren 20an Arrasateko Zuhaitz Egunean izango dira; Zuhaitz feria eta baserritarren azoka egingo dute Debagoienako herrian. Eta hilaren 27an Zarauzko 8. Sagardo Egunean.

Hilabete honetan, LH4ko familiak arituko dira denda ibiltariarekin lanean. Bestalde, Gure Zozketako txartelak saltzeko deialdia HH 5 urteko ikasleen familiei luzatu zaie eta hauek oso ondo erantzun dute. Alabaina, urtarrileko irteeren behin betiko zerrenda itxi gabe dutenez, aurrerago zehaztuko ditugu.

Zubiak batuz da Kilometroak 2018 jaiaren leloa. Urretxu-Zumarraga Ikastola osatzen dugun guztion arteko elkarlana oinarrizkoa da erronka hau aurrera eramateko. Beraz, animatu eta parte hartu!