Skip to main content

Aniztazun Izpiak

2024/04/10

Bazkarirako txartelak hemen salgai. 

Apirilaren 27an ‘Aniztasun izpiak, Kilometroak txikia’ lelopean ospatuko den egunaren aurkezpena egin da. Ikastolak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dute eguna, beste hainbat eragilerekin batera: Atzegi, Dislegi, Marea Urdina, Kulturaz, Berria, Guka, UEMA eta Ikastolen Elkartea, besteak beste. 

Gorka Artola Azpeitiko Ikastolako ordezkariak azaldu duenez, Azpeitiko Ikastolak kilometroen urtea du aurten, eta urte osoko egitarauaren barruan Kilometroak Txikia antolatzeko asmoa zegoen. Urte osoan lantzeko hiru ardatz ditu Ikastolak mahai gainean: Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna, eta herrigintza. Hiru ardatz horiek oinarri, herriko elkarteekin biltzen hasi ziren kilometroen antolatzaileak, eta horren emaitza izan da egun honetarako egitaraua. Antolaketa, beraz, talde lanean egindakoa da, aurretik esandako talde horiekin guztiekin elkarlanean egindakoa. 

Hala azaldu du Nagore Arroita Udaleko Gizarte Zerbitzuetako aniztasuneko gizarte langileak ere: “Kulturartekotasuna erdigunera ekarriko duen eguna izango da. Hainbat jatorritako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta ohiturak ezagutarazteko eguna izango da. Baina baita, euskara plazara ekartzeko eta ezagutzen ez dutenei ezagutarazteko edota haiekin partekatzeko gunea ere. Azpeitia herri anitza da, eta hori islatu nahi da egun horretan. Sexu, arraza, hizkuntza, kultura eta jatorri ugaritako pertsonak bizi gara elkarrekin, eta balio handia duen kultura anitzeko herria osatzen dugu”.

Artolak azaldu du ‘Aniztasun izpiak’ egunak bete-betean lotzen dituela Kilometroen urtean landu nahi diren ardatzak: Euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. “Besteekin gara gu”, esan du. Horregatik, garai berrietarako erronka berriak ditugu. Euskara Ikastolen ardatza eta oinarria da, eta euskara “ardatz ez ezik zubi” ere badela azaldu du: “Gainerako kulturekin eta hizkuntzekin egin nahi dugun zubi gisara”.

Azpeitian abian den Euskara eta kulturartekotasuna proiektuaren baitan ere kokatu dute eguna. Udalak, UEMAk, HUEZIk eta herriko ikastetxe zein eragileek aurrera daramaten proiektua da hori. Hala esan du Artolak: “Euskara zubi eta helburu izatea nahi dugu”. “Kulturarteko harremanen adierazpidea euskara izatea nahi genuke. Gure lurreko hizkuntza delako, alde batetik; eta euskaratik eraiki nahi ditugulako herri honetako askotariko harremanak, bestetik. Aniztasunaren harreman hizkuntza euskara izanda, Euskal Herrian hizkuntza gutxiagotua kulturarteko harremanen zubi eraikitzailea izatea, hain zuzen”. 

Herrigintza dute hirugarren ardatza Ikastolan: “Ikastola herriko eragile gisa ulertzen dugu, eta herriari gure onena ematen saiatzen gara. Hemen ere, baina, besteekin gara gu, eta ez gu bakarrik. Herrian txertatuta gaude, eta hala egon nahi dugu. Horregatik, ahalegin berezia egin dugu egun honetako egitarau osoa herrian txertatuta dauden gainerako eragileekin elkarlanean antolatzeko. Ekimen guztiak dira elkarlanean antolatuak, ez dugu ezer antolatu guk bakarrik. Sinesten dugulako elkarlanean, komunitatearen indarrean, auzolanean”.

Talde argazkia

Albisteak

2024-04-28
Aniztasun Izpiak, Kilometro Txikia eguna arrakasta handiz ospatu zen. Eskertza posible egin zenuten guztioi.
2024-04-19
Gaur, Kilometroen Kultur Izpiak egitasmoaren baitan, Ikasle Topaketa ospatu da Azpeitian. Bertan, Oiongo, Zangozako, Getxoko, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako ikasleek parte hartu dute.
2024-04-13
Otsailaren 17an Tuteratik abiatu eta urriaren 19an Azpeitian amaituko den etapazko ekimenaren hirugarren etapa ospatu da larunbat honetan, Faltzestik Lerinera.